Iker Galartza aski ezaguna da Euskal Herrian, antzerkigintzan, telebistan aktore lanetan edota pailazo lanetan. Dena den, bere aspaldiko ametsa zirko bat muntatzea izan da eta aurreztutako dirua helburu horretan inbertitu izan du. Orain altaboz pare bat erosi, gero foko batzuk?duela urte gutti arte, interneten bigarren eskuko zirkuko karpa bat topatu zuen arte. Luxenburgera joan zen hura erostera, eta hori izan zen bere ametsa egi bilakatzeko bidean inflexio puntua. Azpiegitura lortuta, lehenbiziko zirku ibiltari euskalduna sortzeko lantaldea bildu zuen gero, eta 2017an jende aitzineko lehenbiziko froga egin zuten Tolosan. Harrera arras ona izan zuen Gure Zirkuak, eta iaz, hainbat hilabetez ibili ziren harat eta honat, Euskal Herriko herri desberdinetan hamarnaka emanaldi eskaintzen. Arrakasta itzela izan zuen Gure Zirkuak iazko lehenbiziko denboraldian, eta hasieran uste baino emanaldi gehiago programatu behar izan zituzten, publikoaren eskaerak bulkatuta.

Zirku aitzindaria, goxoa, ederra, ikusgarria. Bere lehenbiziko denboraldia zirraragarria izan zen, jendeak ikaragarri gozatu zuen. Aurten bigarren denboraldian murgilduta daude, maiatzean hasi zuten Euskal Herri osoan zeharkako bira. Iazko arrakasta alimalekoa izan bazen, ez da guttiago izaten ari aurtengoa. Ehundik goiti emanaldi eskaini dituzte dagoeneko. Galartza gustura dago, “aurten Gasteizen izan gara, Iparraldean ere, eta Nafarroan ere iaz baino askoz gehiago. Gainera, jendeak disfrutatu egiten du eta errepikatzeko gogoz geldi tzen da. Hori zoragarria da”. Lehenbiziko zirku ibiltari euskaldunak arrastoa uzten du bisitatzen duen herrian, zorion- arrastoa. Jendearengan ilusioa pizten baitu zirkuak, ametsen munduan murgiltzen baitira ikus-en tzuleak, baina ez soilik zirku barruan, ilusio eta atsegin hori zirkua edozein herrira ailegatu baino lehen suma tzen da, aste batzuk lehenagotik, Gure Zirkua herrira etorriko dela jakiten denetik. Jendeak badu bere berri, han eta hemen hitz ederrak baino ez baititu entzun zirkuaren inguruan, zirkura joateko gogoa hedatzen da herritarrengan, zirkua noiz ailegatuko irrika pizten da, eta azkenean, zirkuko kamioiak, karabanak, furgonetak ailegatzen direnean eta karpa muntatzen dutenean, jendea orduak kontatzen hasten da, emanaldia noiz ailegatuko. Eguna eta ordua ailegatuta, ilaran zain egoten dira denak, irrikaz, gogoz, ilusioz beteta. Ederra da kanpotik, karpa polita, hesi koloretsuak, leihatila-karabana, palomitak, ura, garagardoa; magiaz beteriko postala Minutu guttiren buruan, karpako atea edo gortina gorria zeharkatuta postal biziduna bilakatuko dena. Eta hala gertatzen da, zirkura sartu eta ikuskizuna hasi baino lehen ere zorion sentsazio batek inguratzen zaitu.

Dozena bat artistek parte hartzen dute ikuskizun bizi, koloretsu eta anitzean, baina Gure Zirkua aunitzez gehiagok osatzen dute, artisten lagun eta senideek ere parte hartzen dute fokuen gibelean, lan eta lan. Ordubete eta berrogei minutu inguruko iraupena du ikuskizunak, ordubete eta berrogei minutuko gozamena. Askotariko diziplinak jorratzen dituzte bertan, pailazoak daude, akrobatak, magoak, ekilibrista, malabarista, trapezista edota kontorsionistak, baita zuzeneko musika ere.

Ikuskizun hurbila, parte hartzailea, inor axolagabe uzten ez duena. Ezin da hitzez adierazi bertan jasotzen dena. Izan ere, Gure Zirkuak irria eskaintzen du barra-barra, eta kantua,musika eta dantza, eta magia, eta inozentzia puntu bat, eta bihurrikeriaren bat, eta malgutasuna, eta mugimendu sinestezinei loturiko arriskua, sentsualitatea eta erotismoa alde batera utzi gabe. Artea hizki larriz. Ametsen mundua, ilusioz eta zorionez bustia. Zoragarria. Gozatu beharrekoa.