beasain - Beasainen egun handia izango dute bihar, izan ere, produktu izarraren eguna ospatuko dute: odolkiarena. Hala, Beasaindo Odolki Kofradiak antolatuta, bihar erabakiko da zein den odolki onena, lehiaketaren 35. edizioa, hain zuzen ere. Aurreikuspenen arabera, Gipuzkoako 15 odolkigilek parte hartuko dute, eta goierritarrak ere egongo dira partaideen artean. Bakoitzak 14 odolki aurkeztu beharko ditu.
Gernika pasealekuko pilotaleku txikia bihurtuko da festaren muina. Horren atzean jarriko dira karpa batzuk, eta bertan egosiko dituzte produktuak, goizeko 11.30ean hasita. Bien bitartean, frontoi barruan jarriko den oholtzan hainbat sukaldari eta aditu arituko dira epaile lanak egiten. Horietako ba-tzuk Joseba Argiñano, Sonia Tapia, Josema Azpeitia eta Jone Karres izango dira. Goierritarrik ez da izango epaile lanetan, eta badu zergatia. Urte asko daramatza Beasaingo Olano harategiak irabazten lehiaketa, eta zurrumurruak zabaldu izan dira ea lehiaketa garbia den. Iaz ere kanpoko aditu batzuk aritu ziren epaile moduan, eta, hala ere, Olanok irabazi zuen. Eguerdirako, 13.00ak alderako, jakingo da ea Olanok bere odolkien erregetzarekin jarraitzen duen edo beste izenen bat izango den sari potoloa eskuratzen duena; orduan hasiko dira sari banaketarekin.
dastatzeko Lehiaketan nagusi izango da odolkia, baina beasaindarrek eta Beasaina gerturatzen diren guztiek izango dute odolkia dasta-tzeko aukera. Pilotalekuan bertan, lehiaketa aurrera doan heinean, taberna txiki bat jarriko da eta euro bat ordainduta eskuratu ahalko da. Gainera, sagardoa ere jarriko da euro batean.
Biharko eguna azaroko lehen larunbata da, eta beraz, hilabeteko lehen zapatuko azoka bereziarekin ere bat egingo du lehiaketak.
Bertan ere eskuragai egongo da odolkia, eta produktu hori erosteko aukera jarriko dute. Hala ere, betiko moduan, bertako eta garaiko produktuak izango dira nagusi; hainbat mahai eta postu jarriko dituzte Erauskin plazan eta Gernika pasealekuan. Eztia, hestebeteak, goxoak, kontserbak, gazta, perretxikoak, ga-tza, barazkiak eta loreak salduko dira. Bestalde, tailer didaktikoaren orduan, goizeko 10.00etan, kandelak egiteko tailerra eta egurra lan-tzeko tailerra eskainiko dira. Segurako talogileak ere bertan izango dira taloak momentuan egiten eta saltzen.
trafikoan aldaketak Gernika pasealeku inguruan obrak egiten ari dira, eta biharko ekitaldiak aldaketa gehiago eragingo ditu. Atzo hasi zen Beasaingo Udaltzaingoa hainbat neurri hartzen, eta gaur ere jarraituko dute. Ildo horretan, dagoeneko debekatuta dago Gernika pasealeku atzean baterian dauden aparkalekuetan ibilgailua uztea, eta beste batetik, Erauskin Kaleko 2. zenbaki ondoko baterian dauden aparkalekuetan ere ezingo da ez gaur ez bihar aparkatu, odolki lehiaketa dela eta.