oñati - Badihardugu Euskara Elkarteko Idoia Etxeberria oñatiarra Ingo Xonau! egitasmoa aurrera eramateaz arduratu da. Gaur noka dakiten emakume guztien argazkia aterako dute Lazarraga lorategian (11.00etan). Ondoren, proiektuaren emaitzak aurkeztuko ditu Etxeberriak Santa Ana antzokian (11.30ean).

Nola eta zergatik bultzatu da ‘Ingo Xonau!’ proiektua?

-Herri ekimenetik sortutako proiektua da. Kezka bat zegoen herrian, emakumeen hitanoa (noka) apurka-apurka galtzen ari delako. Pentsatu zuten hika hitz egiten duten emakumeak elkarrizketatzea zela egin beharreko lehenengo lana, noka jasotzea. Eta niregana jo zuten, ahozko ondarea jasotzen egiten dudalako lana, Ahotsak.eus proiektuan. Oñatiko Udalaren laguntza lortu genuen eta aurtengo otsailean hasi nintzen elkarrizketekin. Gero, jasotako testigantza horiekin, nokaren galeraren arrazoiak azaltzen dituen dokumental laburra prestatu dugu.

Zenbat emakume elkarrizketatu dituzu?

-54 herritar igaro dira kameraren aurretik, gehien-gehienak emakumeak: 52 emakume eta bi gizonezko. Gizonezkoak noka egiten ere grabatu nahi genituen, noka emakumeen arteko kontua bakarrik ez dela erakusteko. Elkarrizketatuen arteko gazteenak 19 urte ditu eta zaharrenak 100. Ia denak 55 urtetik gorakoak dira. Hori bai, neska gazte batzuek ere elkarrizketatu ditut. Noka berreskuratzeko interesgarria irudi-tzen zitzaigun gazteek euren adinekoen erreferentziak ere izatea. Adibidez, amari noka egiteko eskatu dion 19 urteko gaztea elkarrizketatzea. Landu ahala, elkarrizketak www.ahotsak.eus webgunean jar-tzen ari gara, herritar guztien eskura(https://ahotsak.eus/proiektuak/onatiko-noka-ingo-xonau/).

Emakumezkoen hitanoak Oñatin duen osasunaren diagnostikoa ere egin duzue. Zer ondorio atera daitezke?

-Nokaren egoeraren diagnostiko-ikerketa ere egin dugu, bai. Baserri-giroan gorde da ondoen, eta, horregatik, Oñatiko 16 baserri-auzoetan egin dugu datu-bilketa. Hamahiru datu-biltzaile ibili dira langintza horretan eta egundoko lana egin dute. Guztira 370 emakume dira noka dakitenak, herrigunekoak kontatu gabe. Noka bizirik dago, beraz. Hala ere, ezin da esan osasun bikaina duenik, 50 urtetik beherakoen artean oso gutxik dakitelako. Herrigunetik urrutien dauden baserri-auzoak husten joan dira, eta kaletar-tze-prozesu horrek ere ez du modu positiboan eragin. Gehienek ez diete seme-alabei transmititu.

Gizonezkoekin alderatuta, zer nabarmendu daiteke?

-Gizonezkoen artean hitanoa askoz hobeto mantendu da emakumeen artean baino. Herri guztietan gertatu da hori. Ez da kasualitatea. Hor badira generoarekin lotutako arrazoi ba-tzuk. Batetik, gaizki ikusita egon da emakumeek hikan jardutea: emakumeak fina izan behar zuen, eta fintasuna zuka edo erdaraz aritzearekin lotzen zen. Hitanoa baserritarren hizkeratzat hartu izan da eta mutilen arteko kontutzat ere bai. Neskek ez bezala, mutilek sozializazio-eremuetan hika egiten jarraitu dute: tabernetan, elkarteetan, kiroletan, ehizan?, baita lantegietan ere. Mutil askok etxetik kanpora ikasi dute hika, lagunartean. Baita kaletarrek ere.

Gazteen artean hika erabiltzen da?

-Mutilen artean bai, eta badu indarra, baina nesken artean ez. 50-55 urtetik beherako neska gutxik dakite hika.

Beste herri batzuekin konparatuta, Oñatin hitanoaren erabilera handiagoa edo txikiagoa da?

-Handiagoa. Esango nuke Debagoienean Antzuola eta Oñati direla egoera onena duten bi herriak.

Posible da emakumezkoen hitanoa biziberritzea? Berreskuratzea beharrezkoa da?

-Nik uste dut baietz, posible dela. Badakigu hizkuntza-ohiturak alda-tzea ez dela erraza, baina gauza zailagoak ere lortu izan dira. Herrian interesa sumatzen dut nik, kontzien-tzia-hartze bat eta sustraiak berreskuratzeko gogo bat. Badaude ikasteko prest dauden neskak eta giro polita ari da sortzen. Berreskuratzea oso inportantea iruditzen zait, gure ondasun bat delako, oso aberasgarria. Lagunarteko erregistro informal bat: bizia, freskoa eta hurbilekoa. Mutilen artean modan baldin badago, zergatik ez dugu ba lortuko nesken artean modan jartzea? Ingo xonau!

Beraz, hemendik aurrera zer?

-Benetako emaitzak lortu nahi izanez gero, pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu. Ez da bi eguneko kontua izango. Datorren urteari begira, poltsikoko liburuxkak ateratzeko asmoa daukagu, hitanoko aditz-taulekin -noka eta toka-, eta lehenengo hika ikastaroa ere antolatuko dugu. Emakumeentzat izango da, dakien emakume multzo bat sortzea komeni delako, eta gero ikastaro mixtoak egitea ere aurreikusten dugu. Nokaren erabilera sustatzeko ekimen gehiago ere egingo ditugu.

Zer ekarpen egiten dio proiektu honek herriari?

-Bizitasuna. Herriko hizkuntza biziberritzeko aukera bat, nire ustez. Hizkuntza da herri moduan nortasuna ematen diguna, eta lagunarteko erregistroa bizirik egotea oso inportantea da. Herriko emakumeen artean sare bat sortzeko aukera ere ematen du proiektuak, elkar ezagutzeko eta elkarrekin egoteko aukera bat.

Eta zuri pertsonalki?

-Ilusio handia. Sustraietara buelta-tzeko modu eder bat dabil izaten. Proiektuak oso harrera ona izan du eta pozik nago. Elkarrizketak egitea plazerra izan da. Esker oneko hitzak besterik ez ditut, laguntzen eta parte hartzen ari diren guztientzat.

Gipuzkoako txokorik maiteena. Atxulo kobazuloa, Oñatiko Araotz auzoan. Leku magikoa da.

Mendi bat. Bakarra aukeratzea zaila da. Itsasertzean, Jaizkibel.

Festa edo ospakizun bat. Tolosako inauteriak. Txarangaren atzetik saltoka joateko.

Aisialdiaz gozatzeko leku bat. Donostian bizi naiz, eta Donostia-Pasaia ibilbidea egiten dut sarri.

G

ipuzkoatzen