irurita - Ilbeltza hasi eta 20 egunen buruan, hasi da (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea. Baztango (H)ilbeltza elkarteak antolaturiko VI, (H)ilbeltzaren edizioa Iruritan abiatu zen atzo Fernando Reyk itzulitako Horace McCoy idazlearen Hobe nuen etxean gelditu liburuari buruzko solasaldiarekin. Iruritako Gure Kaiola elkartean izan zen hitzordua atzo, merendu batek lagunduta. Bertaratutakoak ez ziren hurbiltzeaz damutu, eta sabela bete eta zintzurra bustitzeaz gain, partekatutako hitzak ere eraman zituzten buruan. Liburu horrez gain, oro har itzulpengintza lanaz eta bere ibilbide eta esperientziez solastatu zen Fernando Rey aste beltzari hasmenta ezin hobea emanez.

fernando rey Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean. Zenbait urtez euskara irakasle ibili ondoren, 1988az geroztik itzultzaile lanetan dihardu Nafarroako Gobernuan. Igela argitaletxearen bitartez literatur itzulpenera salto egin, eta geroztik ofizio eta afizio bihurtu zitzaizkion itzulpengintza eta testuen zuzenketa. Senez aldizkarian zenbait artikulu idatzi ditu, eta 31 eskutik blogaren eskuetako bat ere izan da.

Hainbat literatur lan euskaratu ditu, gehienbat italieratik, ingeleratik edota gaztelaniatik, baina euskaratik gaztelaniara ere itzuli izan ditu bertze hainbat. Euskaratutako lanen artean, Antonio Tabucchi, Milena Agus, Jan Neruda, Dolores Redondo, Gianni Celati, Sir Arthur Conan Doyle edota atzo hizketagai izan zuten Horace McCoyren liburuak daude. Lan oparoa eta kalitatezkoa da Fernando Reyk egindakoa, eta horren erakusgarri jasotako hainbat aitortza, tartean, Vitoria-Gasteiz itzulpen-saria irabazi zuen 2006an, haurren-tzako atalean, Agustín Fernández Pazen Piraten eskolan itzulpenagatik, eta 2007an Euskarazko Literatur Itzulpengintzako Euskadi Saria jaso zuen, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez euskaratzeagatik.

egitaraua Atzo hasitako Euskal Nobela Beltzaren asteak bihar izanen du jarraipena, Anizen, Elkartean 19.00etan, Amaia Elizalderen eskutik Mirande beltza izeneko solasaldiarekin.

Ortziralean Elizondon izanen da hitzordua, Arizkunenea Kultur Etxean. 19.00etatik aitzinera, Begoña del Tessoren eskutik Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuak izeneko solasaldia burutuko dute.

Larunbat goizean, 11.00etan Arizkunenean, mahai inguru bat izanen da, Jon Alonso, Maribi Elizalde eta Eneko Bidegainek parte hartuko dute, Mundua Iturendik pasatu zenekoa gaitzat hartuta. Gero Erratzuko Etxelebert elkartean bazkalduko dute. Bazkarirako txartel guztiak agortu dira dagoeneko, dena den, antolakuntzatik dei egin diete txartelik ez dutenei arratsalde eta ilunabarrerako antolatutako hi-tzorduetan parte hartzera. Bazkal ondoan, elkartean berean, Alfontso Gartziandiak Itsu kolpeka liburua aurkeztuko du, eta gero, Josu Barambonesek, II. (H)ilbeltza bekaren irabazleak, Patricia Highsmithen The Blunderer liburuaren itzulpena den Lardaska izenekoa, argitaratu berria dena. Larunbateko egitaraua borobiltzeko, 18.00etan Susmagarrien gaua burutuko dute herrian barna, jolas parte har-tzaile beltza.

Aste beltza bukatzeko, igande goizean 11.00etan eginen dute hitzordua Amaiurren, Itzuli Beltza osatzeko. Kontrabandisten Eleak izenburupean ibilaldi antzeztua izanen da. Ilunabarrean, Elizondon, Arizkunenean, 19.00etan, Poesiaren Kriminalak errezitaldiarekin osatuko dute egitarau oparoa.