elizondo - Baztango Udalak Baztan ikergai duten ikasketa akaberako proiektu edo lanak egiteko diru-laguntza deialdia onartu du 2020 urterako. Bortzgarren aldiz egin du laguntza hauetarako deialdia Udalak, eta aitzineko urteetan bezala, gehienez 2.000 euroko diru-saila erabiliko du horretarako. Balorazio batzordeak, aurkeztutako proiektuen artean puntuazio gehien jaso duten 4 proiektuak diruz laguntzeko proposatuko du, hautatutako proiektu edo lan bakoitzari dagokion diru-laguntza 500 eurokoa izanen delarik. Laguntza honen helburu nagusia gazteak beraien ikasketekin Baztanen alde inplikatzeko eginahala da. Horretarako, etorkizuna gazteen eskutik heldu dela ain-tzat hartuz, Udalak beren aldeko apustua egin du ber-tze behin. Deialdian parte hartzeko, hautagaiek Baztanen erroldatuak egon beharko dute edo bertze udalerri batean koiunturalki erroldatua egon baina horren arrazoia kanpoan ikasketak burutzea dela justifikatzea, baldin eta aurreko errolda Baztanen izan bada; gainera, 2019/2020 ikasturtean ikasketetako azken kurtsoan matrikulatuak egon beharko dute. Eskatzaileak ikasketa akaberako proiektua edo lana memoriaren arabera egin beharko du, diru-laguntza ebatzita, urte bateko epean, tutorearen ongi ikusiarekin. Epaimahaiak oniritzia ematekin jasoko dute laguntza.

orain artekoak Baztango Udalak 8 proiektu lagundu ditu orain arteko lau deialdietan. Lehenbiziko urtean, Alaitz Arretxea, Josune Berho eta Oihana Otxandorenak, turismoaz, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxe tipologiaz eta mutil-dantza eta nesken parte hartzeari buruzko lanak egin zituzten, hurrenez-hurren; hurrengo urtean, Nahikari Vesgak Baztango galdegai egitura baten azterketa egin zuen, eta Ainhoa Astizek Baztan Haur Eskolaren eta Adimen Ani-tzen Teoria nola bateratzen diren ikertu zuen; duela bi urte Uhaina Apezetxek emakume atzerritarrek Baztanen duten egoera aztertu zuen, genero perspektiba ardatz hartuta; iaz, Fermin Larraldek Baztango nekazaritza XVI. Mendetik XVIII. Menderat ikerketa burutu zuen eta Nerea Etxenikek Baztango turismoa iraunkorra al da? galderari erantzuna eman nahi izan zion, turismo iraunkorra definitzeaz gain zutabe horietako bakoitzaren bailarako egoera aztertuz.