- Pasa berri dugun asteburuan, agroekologiaren aldeko hirien sareak antolatuta, landa eremuak eta nekazaritza eta elikadura politikak izeneko mintegia burutu zuen Navàsen, Katalunian. Mintegian Joseba Otondo Baztango alkateak parte hartu zuen, agroekologia ikuspegia duten elikadura politiketan jardun onak mahai-inguruan. Mahai-inguru horretan Baztango ekimenen berri eman zuen Otondok, Arras Baztan fundazioak bultzatutako eta berriki martxan jarritako konpromiso ttipien kanpainan elikadurak duen tokia aipatuz. Mahai-inguruan ere Itziar Bigurik, Orduñako alkateak eta Xosé Romero Allarizeko (Galizia) ingurumen teknikariak parte hartu zuten, udalerri horietako esperientzien berri emanez. Aldi berean, Bartzelonako diputazioko Sònia Callau, elikadura sistema lurraldekotzeko bultzatzen ari diren Smart Rural proiektuaz solastatu zen.

Arratsaldean, berriz, agroekologiaren aldeko hirien sareko kideak diren udal ttipiek bilkura egin zuten, lan-talde horren erronkak eta ekintzak zehazteko asmoz. Otondok kontatu duenez, aski emankorra izan zen saioa, eta aurtengo urteari buruz zenbait ildo finkatu ahal izan zituzten: landa eremuaren eta elikadura ekoizpenaren arteko harremana bultzatzea eta jendartean ikusaraztea; nekazaritzako lurren zaintza eta defentsa; baserritarrak eta baserri kultura baloratzea; nekazaritza ekologikoa bultzatzeko legeak eta arauak sustatzea (salmenta zuzena, ustiategietako baldintza higieniko-sanitarioak€); eta Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko eztabaida bultzatzea, batez ere nekazaritza ttipia eta lurrari lotutakoa indartzeko baliagarria den bigarren zutabean eraginez.

Navàsen burututako jardunaldietan Arteseko Artium kooperatiba ezagutzeko aukera ere izan zuten, zeinak 100 urte baino gehiago dituen eta bertako ardogintza eta nekazari ttipiak atxikitzeko garrantzi berezia duen.