ste baino lasterrago joan da lehen aste hau. Makurrena, WhatsApp munduan dabilen kapar saldo izugarria, bai eta hedabide aunitz ere; telebistak, bereziki. Zeinen osasungarria den WhatsApp talde franko mututzea, telebistak itzaltzea eta irratietako solaskide orojakileei jaramonik ez egitea. Tira, azken hori, egia errateko, orain eta beti. Alde Zaharreko karrika hau ez da tokirik txarrena egonaldia emateko, egonean egoteko, alegia. Hori bai, eguerdiko hamabietan, sukalderaino bertaraino sartzen dira San Nikolas elizako kanpai-hotsak. Ezkilaldi luzea da, hiriko eliza guztiak batera eta gogoz ari baitira Angelusean, izurriari “aurre egiteko”. Bitartean, jendea karrikara etor-tzen da, janari-denda aunitzen arrimuan. Honatx zerrenda: arrandegia, harategia, hiru barazki-denda, supermerkatu txiki bat, eta okindegi arras ospetsu bat. Guztiak ere zabalik. Horrez gain, irekita ere, ehun urtetik gorako drogeria eta izkinako botika. Gainerako dendak, hertsirik. Denda-kalea izan baita gurea beti. Erosleak, zintzo-zintzo, ilaran, ez elkarren ondoan; egunetik egunera, gero eta maskara gehixeago musuan, nola-halakoak, etxean eginak, joste-makina zaharrak lanean hasi baitira, ederki olioztaturik. Era berean, batera eta ber-tzera, banatzaileak, kale-garbi-tzaileak eta txakur-jabeak. Ber-tzalde, eraikuntzan ez dute lana oraingoz bertan behera utzi, eta hiru obra ditugu karrikan. Batetik, goitik behera eraitsitako etxe bat behitik gora ari dira eraiki-tzen; bertzetik, etxe handi eder baten barnealde guztia ari dira zaharberritzen; eta hirugarrenik, bertze etxe bati teilatu berria paratzen ari zaizkio. Jakina, ezin ahaztu karrika bukaeran, Navas de Tolosa zolaberritzen diharduten langileak; ez dira gutxi. Hitz batez, mugimendu handi samarra goiz-eguerditan, konfinamendua izateko. Bart arratsaldean, ordea, arimarik ere ez.