- Pasa den martxoaren 13tik, koronabirusaren hedapenak sortutako egoera dela eta, gobernuak agindutakoari kasu eginez, c​Udal Kirol Instalazioa hetsita dago, Arizkunenea kultur etxea, kiroldegia eta Baztango Liburutegia bezala. Egoera honek irauten duen bitartean, Giltxaurditik jakinarazi dute instalazioa berriz ere zabaldu arte ez dutela bazkide kuotarik kobratuko, eta behin irekitakoan, irekitzen den egunetik hasita, kuotari dagokion zati proportzionala kobratuko dutela. Bertzalde, ikastaroei dagokienean, instalazioak hetsita dauden bitartean galdutako klaseak ezin izanen balira errekuperatu, eman ez diren klaseen zenbatekoa itzuliko zaie izena emandakoei.

Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuek, bere aldetik, koronabirusa dela eta, azken egun hauetan bakarrik bizi diren 70 urtetik goitiko baztandar guztiei deiak egiten aritu dira, beren egoeraren berri jakiteko eta hauek beharren bat izanez gero, laguntza eskaintzeko. Gainera, etxeetan lan egiten duten langileekin ere harremanetan jartzen ari dira, beren egoeraren berri jasotzeko eta hauen beharrak ere artatzeko. Gainera, Gizarte Zerbitzuek dei berezia egiten diete etxean mendekotasuna duen norbait dutenei, hauen zainketan koronabirusak kezkatzen baditu, 948580006 edo 689035078 telefonora deitzea eskatuz.

Horrez gain, Baztango 15 herrietako alkate eta kargodunekin ere harreman-erronda bat burutu dute, herri bakoitzean beharrak dituzten lagunak identifikatu eta beren egoeraren berri jasotzeko.

Bertzalde, jakina da, bailaran ere, eskolako jangela beka hartzen duten haurrak ere badaudela. Eskolako jangela zerbitzurik ez dagoenez, familia hauekin ere harremanetan jarriko da Udala, dauden elikadura beharrak asetze bidean.