- Euskal Herriko Unibertsitateak, urtero eskaintzen dituen udako ikastaroen baitan, Baztango Udalarekin batera, Landa-eremuan zahartzea. Adineko pertsonak zaintzen laguntzeko sareak izeneko ikastaroa antolatu du. Urriaren 2an burutuko da, Elizondon, Arizkunenea kultur etxean. Ikastaro trinkoa izanen da, goizez eta arratsaldez, publiko orokorrari zuzendua, eta bereziki profesionalei, agintariei, kudeaketa-arduradunei, zentro eta zerbitzu publiko eta pribatuetako langileei, erretiratuen elkarteei, boluntarioei eta zaintzaile migratzaileei. Ikastaro hau iaz Udalaren eta Unibertsitatearen artean hasitako elkarlanaren emaitza da, Nekazaritza Politika Bateratuari buruzko bertze ikastaro bat antolatu zutenean. Ikastaro horretan parte-hartze handia izan zen, eta bi erakunde antolatzaileak arras kontent gelditu ziren emaitzarekin.

Oraingo honetan, ikastaroan landuko den gaia guztiz desberdina da, gaurkotasun handiko gaia, are gehiago azken hilabete hauetan, non COVID-19ak gizartea, oro har, eta bereziki adineko pertsonak gogor kolpatu dituen. Aurtengo ikastaroa hainbat helbururekin aurkezten da; bertzeak bertze, Nafarroako adinekoen beharrei eta zaintza-hornikuntzari buruz hausnartzea; funtsezko elementuak eta jardunbide egokiak identifikatzea, etxean zaintzari laguntzeko sare bat egituratzeko; eta zerbitzuak emateko eredu bat diseinatzea, adinekoen eta haien zaintzaileen beharrei erantzunen dieten pertsonak ardatz hartuta. Izan ere, Nafarroako Foru Komunitateak biztanleriaren zahartze bizkorra du, mendebaldeko herrialde guztietan ohikoa den fenomenoa. 2017ko urtarrilean, 65 urte edo gehiagoko pertsonak biztanleriaren% 19,4 ziren, eta gehiegizko zahartze-indizea (80 urtetik gorako pertsonak) % 6,5ekoa zen. Bertzalde, XX. mendearen bigarren erdian lan-aukerek eraginda hiriguneetara egindako desplazamendu handien ondorioz, landa-eremuko biztanleriaren zahartze handiagoa ekarri du (65 urte edo gehiagoko pertsonen % 20a eta 80 urtetik gorako ia % 30a). Pertsona gehienek zahartu ahala beren etxeetan egon nahi dutela kontuan hartuta, badirudi beharrezkoa dela eremu horietan zaintzan laguntzeko sareak egituratzea, prestazio eta zerbitzuen estaldura zabala eskaini ahal izateko, ez bakarrik adinekoendako, baita zaintzaileendako ere.

Konpromiso horretatik sortu zen gogoeta kolektiborako topaketa bat egiteko proposamena, beren ingurunean bizitzen jarraitu nahi duten adinekoen zaintzan laguntzeko eredua birformulatzera bideratua. Gogoeta horren bidez, etxeko zaintza-eredua berrikusi nahi da, eta etxean arreta integrala emanen duen sare bat egituratu. Pertsonengan zentratutako arreta-ikuspegiarekin, interesa duten eragile guztiak barne hartuta: familiak, gizarte-zerbitzuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, lehen mailako arreta eta osasun-arreta espezializatua, etxeko langileak, laguntzaile pertsonalak, boluntarioak eta sare komunitarioa, hurbiltasuneko zerbitzuak eta lagunkoitasun-mugimendua, bertzeak bertze.

www.uik.eus webgunearen bidez eman daiteke izena.