Urte aunitz dira Palacio de Arozteguia enpresak Lekarozen, Aroztegia inguruan 228 etxebizitza, golf zelaia eta luxuzko hotela eraikitzeko egitasmoa martxan jartzeko asmoa agertu zuenetik. Aitzitik, azken urte hauetan aunitz izan dira egitasmoaren aurka agertutako herritarrak. Hasteko, lekaroztarrak, herrian egindako galdeketan proiektuaren aurka zeudela agerian gelditu zen. Gauza bera gertatu zen Baztan mailan antolatutako herri galdeketarekin. Baztango Udala eta Baztango Batzar Orokorra ere proiektuaren aurka agertu dira.

Kontuak kontu, Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Eragina duen Proiektu bezala tramitatu zuen, eta urte aunitzen ondotik, konpentsazio batzordeak TEX enpresari urbanizazio lanak esleitu ondotik, iazko apirilean hondeamakinak Aroztegiko eremuan lanean hasi ziren. Egun gutxitan hamarnaka zuhaitz errotik atera zituzten eta lur mugimendu handiak egin zituzten ere.

Dena den, egitasmoaren aurkako hamarnaka ekintzaile Aroztegira joan eta egun batean bai eta bertzean ere bai, hondeamakinak gelditu zituzten, beren aitzinean jarriz. Gerora, Aroztak herri ekimenak Aroztegian berean kanpaldia antolatu zuen eta dozenaka lagunek hainbat egunez eutsi zioten borrokari, azkenerako, TEX enpresaren langileek amore eman eta makinak handik lekutu zituzten arte.

Bien bitartean, LAB sindikatuak esleipenaren aurkako helegitea jarria zuen, eta lehenagotik Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaiak emandako ebazpena berretsi zuen abenduaren 31n Nafarroako Auzitegi Nagusiak, hau da, ez zuen legezkotzat eman Palacio de Arozteguia sustatzaileko konpentsazio batzordeak TEX enpresari egindako esleipena urbanizazio lanak hasteko.

URTEURRENA Urtebete pasa da Aroztegiko egitasmoaren aurkako ekintzaileek berez baimenik gabe hasitako lanak geldiarazi zituztenetik, eta erresistentziaren lehenbiziko urteurrena ospatzeko egun osoko besta antolatu zuen larunbat honetarako Aroztak herri ekimenak Lekarozen.

Goizean goizetik hasi zen mugimendua herrian, eguerdirako antolatutako zikiro jaterako prestaketekin. Paraleloki, menu barazkijalea elkartean kozinatu zuten. Egitarau kultural oparoari hasmenta emateko, Amaia Elizagoien eta Olaia Inziartek haurrei ipuin kontaketa gozagarria eskaini zieten eliz atean, ondotik, plazan, pintzelak hartuta, gerora frontoian eskegi zuten murala margotu zuten, Aroztegia gelditu! aldarri koloretsua.

Bitartean, frontoian 150 lagun ingururendako bazkarirako mahaiak jarri zituzten, baita ostatua antolatu ere, bezperan jarritako eskenatoki parean. Herrian barrena, berriz, trikitilariek karrikak alaitu zituzten.

Eguerdi partean ailegatu zen jende uholdea. Mahaiaren inguruan jarri eta bazkari ederraz gozatu zuten. gerora, bertsoak aditzeko aukera izan zen, eta arratsaldean, Kinbonbo Brass Banden eskutik kalejira izan zen, eta ilunabarrean, bokata batzuk afaldu ondotik gauerako prestatu ziren, Leizeak, Bururik, AFU eta DJ Kazeruerken musika doinuekin dantzatu eta kantatzeko prest.