Eskuak Irulegi mendiaren bertze ikuspegi bat ekarri digu. Hiriburutik ikustera gaude ohituta, Iruñerritik, Aranguren aldetik. Bertzaldeko ikuspegiak, hau da, iparraldetik egindako aire-argazkiak, mendia bere ederrean erakusten digu eta nola zegoen gaztelua Lizoainibar aldeko malkorren gainean eraikia. Izan ere, hiru udalerri elkartzen dira kaskotik hurbil-hurbil: Lizoainibar, Itzagaondoa eta Aranguren, alegia. Gazteluaren ondoko zelai zabalean aztarnategia ageri da, baskoi alfabetatuen herrixka, oraindik ere gehiena lurpean. Baskoien berragerpena izan da, aspaldi desagertuak baitziren testu eta aurkikuntza ofizial aunitzetatik. Indusketa-lanetan, dena izan da bisigodo, dena izan da hau edo hura, baina ez baskoi, harik eta eskuak zartako latza eman dien arte. Aranzadi ez izatera, batek daki zer erranen zuten. Eskua agertu baino lehen ere, bazuen inguru horrek halako xarma berezia, eta aspaldiko istorioak dabiltza Irulegi azpiko baserrietan. Izan ere, Aranguren ibarreko herri horiei “baserri” erraten zaie, hitzak garai batean izan zuen erranahian, Ezkabarten bezala (erdaraz los “baserris” deritze). Bada, Ilundain, Lakidain eta Aranguren herrietan, oraindik ere entzuten da, konparaziora, Lakidaingo Gartxot etxeko sotoan agertu zela baten batek gazteluan utzitako katu beltza, lurpeko tunelak baliatuz. Bitartean, hasi dira zorioneko eskua kamiseta eta izerditakoetan baliatzen, eta laster nazkatzeraino ikusiko dugu mila modutan zintzilikario, belarritako, lepoko, tatoo, zapi gorri eta gisakoetan, aurkikuntzak euskaldungo abailduan piztu duen ilusioa aprobetxatuta. Ororen gainetik, dena den, bedi euskaltzaletasun eskudunduaren ikur, izan gaitezen eskudun. Eta ez dezala inork eskua bere opilera ekarri, ez dezala inork eskua politikarako bahitu, sorionekua soritxarreku bihur ez dakigun.