Euskararekiko kontzientzia pizteko Borborraldia dator
Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak Borborraldia antolatu du, Bortzirietako euskaltzaleak bildu eta aktibatzeko asmoarekin. Gisa guztietako ekitaldiak antolatu dituzte ekimenak iraunen duen hiru asteetarako. Ekimenak Bor-bor bera martxan paratzeko, lan egiteko moldea aurkezteko eta hizkuntzaren auziari modu kolektiboan erantzuteko aukera zabaltzeko asmoa du. Bor-borrek joan den uztailean aurkeztu zuen bere burua, Lesakan egindako ekitaldi baten bidez. Herritarren mugimendua izan nahi du, euskara talde bat, soziala, irekia, zabala eta herritar euskaltzalez osatua. Helburu nagusia da bortz herrietan euskararen erabilera sustatzea, eta horretarako herritarren kontzientziazioan eragitea. Gainera, euskaldun eta euskaltzaleen elkarlanerako gune izan nahi du, eta Bortzirietako udalerri euskaldunen eta arnasguneen izaerari kontu. Funtsean, aldaketak eragin nahi ditu, eraldaketa soziala jomugan duten prozesu eta mugimenduekin bat eginez.
Aurkezpenaz geroztik antolatutako lehenbiziko ekimena da Borborraldia. Bortzirietako adin guztietako herritarren artean euskararekiko atxikimendua handitu eta honen inguruan kontzientzia hartzeko asmoarekin antolatu da Euskararen udaberria piztu leloarekin. Lanean hasteko abiapuntu bat izan nahi du, jendea erakarri eta etorkizunean konpromisoak hartzera bulkatzeko. Eskualdeko euskaltzaleak bildu nahi dira ekitaldi hauetan, ideiak hartu, ekarpenak egin eta antolaketan parte har dezaten.
Ekintzak bortz lan-ildotan antolatu dira: gazteen artean euskara sustatzea, gurasoak sentiberatzea, hizkuntza-ohituretan eragitea, lan-munduan erabilera bulkatzea eta etorri berriekin lantzekoa.
Programa zabala
Apirilaren 19an izanen da lehenbiziko hitzordua, Beralandeta aretoan, Beran. 18:00etatik 20:00etara Euskara harrera hizkuntza formakuntza-saioa emanen du Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Kulturartekotasuna hezkuntzan irakasten du Barquinek, eta saioan immigrazioa, euskara, generoa eta hezkuntzaren arteko gaiak landuko ditu. Parte-hartzea doakoa da, baina izena eman behar da bortziriak.eus/ harrera-bera helbidean.
Apirilaren 22tik maiatzaren 6ra, berriz, Euskara lantokietan piztu erakusketa ibiltaria ibiliko da bortz herrietan barna. Lan-munduan euskararen sustapenak duen garrantziaz jabetzea, eta eremu horretan egin dezakegunaz hausnartzea da erakusketaren helburua. Karrikan ikusgai egonen da. Apirilaren 22 eta 23an Lesakan ikusi ahal izanen da, 28an Arantzan, 29an Igantzin, 30ean Etxalarren eta maiatzaren 5ean eta 6an Beran.
Gurasoekin topaketak eginen dira Bortzirietako ikastetxe guztietan apirilaren 24tik 28ra. Gurasoak sentiberatzeko gogoeta-saioak izanen dira.
Maiatzaren 4an, berriz, UEMAk saio bana emanen du guraso euskaldunentzat (17:00etan) eta erdaldunentzat (19:00etan), Lesakan.
AZKEN EKINTZAK
Gazteen Topaketa. Igantzin, apirilaren 29an, arratsalde pasa antolatu dute Bor-borreko gazteek. 15:00etan jokoak eginen dituzte; 19:00etan, anpainaren barrenean, eta “Bada garaia, Euskara ofiziala, eta kitto!” elkarretaratzea eta afari musikatua,
Akabera besta. Beran maiatzaren 6an. Egun horretarako, Euskaltzaleen Topaguneak Bidasoko Euskara eta Kultura Azoka ere antolatu du.