Larunbatean eginen dute Beran Euskaltzaleen Topaguneak Bidasoko euskararen eta kulturaren azoka. Bertan, euskararen erabileran eta transmisioan eragiten duten 15 proiektu aurkeztuko dituzte. Euskararen sustapenean lanean ari direnentzat “inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri” izan nahi du azokak. Hainbat proiektu ezagutu ahal izanen dira Beran, baina guztiek gauza bera dute berdin: euskara dute lehentasun eta emaitza edota eragin positiboa izaten ari dira beraien eragin eremuan. Azoka irekia izanen da, eta 11:30ean hasi eta 15:00etan bukatuko da Toki Ona institutuko aterpean. Aurkezpen dinamikoak izanen dira, eta musikarekin girotua izanen da. Gainera, jan-edanerako aukera eta haurrentzako txokoa ere izanen dira. Aurkeztuko diren proiektuen artean, Lapurdiko Mintzalasai elkartearen Mintzalasai euskaraz!, Ipar Euskal Herriko Plazara kooperatibaren Euskara(z) plazara!, Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) Kirola Euskara Ahoan, Durangoko (Bizkaia) Gookapi elkartearen Gookapi, Usurbilgo (Gipuzkoa) Pulunpa (e)ta Xin, Euskaltzaleen Topagunearen Euskararen kriseilua, Higa Elkartearen Higa Topaketak, Euskaltzaleen Topaguneko Ulerlagun pilotakea, Ondarroako (Bizkaia) Euskara Maitea, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduaren Borborraldia, Oreretako (Gipuzkoa) Lau Haizetara elkartearen Odola ematen bizi eman, Elgoibarko (Gipuzkoa) Gure natura ezagutuz, Abaraska taldearen Paperjale, Pantailak Euskaraz eta Gasteizko (Araba) Lazarraga elkartearen Pantailak Euskaraz daude. Egun berean ospatuko du gainera, Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimendua Borborraldiaren akabaila besta. 10:00etan eginen dute batzarra Beralandetan, eta ondotik, azokan parte hartuko dute.