Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango eskola ttikiek haien besta ospatu zuten atzo Almandozen. Iruritari erreleboa hartuta, aurten lehenengo aldiz ospatu da herri honetan.

Bazkari autogestionatua Almandozko frontoian egin zuten, eguzkitik babestuta.

2008an hasi zen besta honek, helburu berdina izaten jarraitzen du: herri desberdinetako familiak elkartzea, sareak sendotu eta harremanak bultzatzeko. Aurtengoan, hala ere, aldaketa bat izan da. Izan ere, besta eguna larunbatera pasatzea erabaki zuten antolatzaileek, igandean Nafarroa Oinez ospatzen baita.

Aurpegiak margotzeko aukera izan zuten goizean.

Goizeko 10.00etarako zuten paratua hitzordua eta hala, eskola aitzinean elkartuta, harrera ekitaldia burutu zuten. 10.30etan, mendi ibilbideei hasiera eman zitzaien. Ttikienek 2,2 kilometroko itzulia eman zuten eta koxkorrek 6,5 kilometrokoa. Modu honetan, parte hartzaile guztiak Almandoz inguruko toki eta paraje politetatik barrena ibili ziren bi ordu inguruz. Bueltan, frontoian elkartu ziren, pintxo batzuk jan eta hala nahi zutenek aurpegia margotu ahal izateko.

Beranduago, Ainara Unanuak ipuin kontaketa saioa eskaini zuen. Eguerdiko 14.00etan bazkalordua heldu z en eta arratsaldean zozketa batzuk, puzgarriak, jokoak, eta Hauspolarien eskutik musika izan ziren.