Síguenos en redes sociales:

Erripan gora

Amets zapuztua

Espectacular botadura de la nao San Juan

20

Aniceto Petit udal zakurtegiko langilearen ametsa gauzatu ez zenez, ez dugu olatuen aparrik ikusten harresietatik. Itsasoa Pasaiatik Arrotxaperaino ekartzeko asmoa agertu baitzuen Anicetok duela 115 urte inguru. Horrenbertzez, kresal usainik ez gure hirian. Itsas oihartzunak, ordea, ozen heldu zaizkigu egunotan, Pasaiako herritik baitator notizia, itsasontzi bat badela handi eta bizia, Sakana, Larraun eta Ultzama aldeko zurez eraikia…, garai batean Atlantikoa gurutzatu zuten euskal baleontzi ugarien oroigarri. Balea harrapatzera joaten ziren, balea-olioa hona ekartzeko. Nafarroako Artxibo Nagusiko agiri baten arabera (1518), Iruñeko merkatari batek galdetu zuen ea Iruñera saltzera ekarriko ote zuten Donostiako eta Gipuzkoako jende orok kriseiluak pizteko erabiltzen zuen arrain-olio hura (balea-olioa), Ternuatik heldu zen huraxe, hain zuzen ere.

Baleetara joanik, euskaldunek 40 bat kokalekutan balea zatikatu, puskak egosi eta olioa ateratzen zuten. San Juan nao edo baleontzia, zehazki, ingelesez erraten zaion Red Bay-n zegoen ainguratua (Badia Gorria), itsas enbatak hondoratu zuenean. Ezin jakin nondik heldu ote zaion izen hori, baleen odolaren ondorioz edo arrantzaleen etxola-teilatuak hemendik eramandako teila gorriekin egin zirelako. Unescok Munduko Ondare izendatua du Red Bay (Basque Whaling Station) eta, han, azalpenak euskaraz ere idatziak daude. San Adriango Xabi Otero argazkilari ospetsuak inork baino hobeki daki horren berri, aspaldian hasi baitzen hori guztia ikertzen eta liburu zoragarria plazaratu berri du lau hizkuntzatan: Euskaldunak. Kanata. Nolanahi den, Anicetoren amets zapuztuaren ondorioz, ezin azken arnasa eman gurean itsasoari begira, Benitok kantatzen duen bezala; baina, zorionez, bere ederrean dakuskigu azkenean larrazken kolorez eta giroz jantzi zaizkigun bazter hurbilak.