ZUBIETA - Euskararen Eguna berrikuntzekin dator: merkatu solidarioa, herri-kirol erronka, mikro-ipuin eta ilustrazio lehiaketa... Egun handia larunbatean, badute ere, bezperatik mugimendua sumatuko da herrian. Bi egunez, giro ederra izanen dute.

Ortziralean, 10.00etan liburu, jostailu eta arropen merkatu solidarioa jarriko da. Gazteek herritarrei eta ingurukoei erabiltzen ez dituzten liburu, jostailu eta arropak bota beharrean azoka solidariorako emateko deia egin diete. Horretarako, herriko gazteren batekin harremanetan jarri behar da. Merkatuan bildutako dirua Bortzirietako Guztiok taldea laguntzeko izanen da. 12.00etan herriko trikitilari eta panderojoleek karrikak girotuko dituzte eta 13.30ean bazkari herrikoia eginen dute. 17.00etan ipuin kontaketa eta lehiaketako sari banaketa eginen dute. 18.00etako pintxo lehiaketa izanen dute, eta ondotik, lehiaketara aurkeztutako mokadutxoak dastatzeko pintxo-potea eginen dute. 18.30ean Euskaraldiaren aurkezpena eginen dute eta 20.00etan, Malerrekako Kultur Biraren harira, Ion Martinezen Barrez blai bakarrizketaz gozatzeko aukera izanen dute. Saio honetan euskaldunen egunerokoan hurbilekoak diren gaiak ukituko ditu Martinezek, eta maitasunezko euskal abestien errepasoa ere eginen du. Mus txapelketak ez du hutsik eginen, 22.00etan Errandonea ostatuan.

Larunbata egun handia Larunbatean 10.00etan, herriko trikitilari eta pandero-joleen itzuliarekin hasiko dute eguna. Urtero bezala, eskulangileek beraien lanak plazaratuko dituzte. 12.00etan herri-kirol erronka izanen dute. Orain artean ez bezala, eskualdeko herritarrei desafioa bota zieten herritarrek eta Basaburua herri-kirol taldeak hartu zuen erronka.

Beraz, zubietarren eta baztandarren arteko lehia ikusgarria espero da. Goiz osoan magra eta gaztaren pisua asmatzeko apustua ere izanen da plazan eta, ohikoa denez, joaldunek girotuko dute herria. 13.30ean muxikoak dantzatuta, 14.30ean bazkarian bilduko dira. Joan den urtean Dantza Luzea berreskuratu zuten hainbat herritarrek Euskararen Egunean eta ikustekoa dago aurten segida ematen dioten. Bazkariko mahai-inguruan Azpeitiako trikitilarien doinuak izanen dira entzungai.

18.00etan herriko gaztetxoek beraien lanen erakusketa eginen dute. Arratsaldez eta gauez, Oharkabe taldearen eskutik, dantzaldirako tartea izanen dute. Bien bitartean, urdaiazpiko eta gazta apustuetako sariak banatuko dituzte.