elizondo - Javier Salaverriak ateratako argazkia izan da aurtengo Baztan-Bidasoko XXVI. ehiza jardunaldi gastronomikoen baitan antolatutako argazki lehiaketako irabazlea. Laugarren argazki lehiaketan parte hartzeko, jardunaldietan parte har-tzen duten jatetxeren batean otordua egin eta bidenabar ehiza platerei argazkia atera behar zitzaien. Azaroaren 9ra arteko epea zegoen lehiaketan parte hartzeko, eta aurten parte hartu duten 19 argazkien artean, epaimahaiak Javier Salaverriak Elbeteko Posadan ateratako argazkia aukeratu du irabazletzat. Atzo jakinarazi zuten erabakia. Basurde azpizuna gaztain eta reineta saltsan izeneko argazkia izan da sariduna, eta sari gisa, saridunak bi lagunendako otordua irabazi du. Bazkari edo afaria, ehiza jardunaldietan parte hartzen duten jatetxeren batean egin beharko du, azaroaren 30a bitartean, hau da, aurtengo ehiza jardunaldi gastronomikoak bukatu baino lehen. Gainera, heldu den urteko jardunaldiak ilustratuko ditu argazki saridunak. Aipatu behar da, iaz ere Javier Salaverria izan zela garailea eta ondorioz, bi lagunendako otordua irabazi zuela, horrez gain, aurtengo material grafikoan irudi hori erabili dute ere.

AZAROAREN 30ERA ARTE Oraindik orain, Baztan-BIdasoko ehizari buruzko XXVI. jardunaldi gastronomikoak indarrean daude eta azaroaren 30era bitartean, parte hartzen duten 9 jatetxeetan, hau da, Aterpe eta Burlada Arantzan, Palacio de Yrisarri jauregian, Igantzin, Etxalarko Herriko Ostatuan, Donamariako Bentan, Arizkungo Ordoki erretegian, Elbeteko Posadan, Iruritako Olarin eta Oronoz-Mugairiko Urgain jatetxean ehiza platerak ardatz dituzten menuak dasta daitezkeela.

Gogoratu ere, aurten, berrikuntza gisa, ehiza pintxoa eta Inurrieta ardoa 3,50 euroan eskaintzen dutela Ordokin, Elbeteko Posadan, Olarin, Burladan eta Etxalarko Herriko Ostatuan, baita Iturengo Tresanean ere. Ehiza platerak gozatzeko azken egunak dira, mugi beraz. - F.A.G.