elizondo - Biharkoa egun seinalatua da Baztanen. Besta eguna izateaz gain, urteroko ohitura da Baztango herri guztietan Errege Egunez egiten diren Batzarreak. Pasatutako urtearen kontuak azaltzen dira egun horretako Batzarrean, aitzineko urteko diru sarrera eta irteeren berri ematen dute herri bakoitzeko alkateek herritarrei.

Horrez gain, bi urtetik behin, Baztango Ordenantzek diotenez, herri bkaoitzeko alkateak aukeratu behar dira eta hautaketa Batzar bidez egiten da, abenduko hirugarren igandean. Batzarreak egin dira eta herri gehienetan, zehazki hamabi herritan, hautagai bana agertu da eta tokian-toki, Batzarreek hautagaiak berretsi dituzte; hala ere, Irurita, Arizkun eta Amaiurren ez da hautagairik izan, beraz, bertze saiakera bat egin beharko dute herriko ordezkaria hautatzen saiatzeko.

Ordenantzek diote urtarrileko lehenbiziko igandean egin behar dela saiakera, eta bihar, hala denez, aipaturiko hiru herrietan alkateak aukeratzeko saiakera eginen dute. Herri bateko alkate izateko, 18 urtez goitiko herrian erroldaturiko edozeinek, gaur egungo alkateari jakinarazi beharko dio idatziz, sinaturiko orri batez edota ahoz, alkate izateko nahia, eta alkateak Batzarrean hautagaitzaren berri emanen du. Hautagaitza bat baino gehiago izatekotan, hurrengo igandean bozketa burutu beharko litzateke, alkatea aukeratzeko. Biharkoa bigarren saiakera denez, herri hauetakoren batean hautagaitzarik agertuko ez balitz, Baztango Ba-tzar Orokorreko Lehendakariak, hilabete bateko epean bertze Batzarre bat deitu beharko luke, egoerari irtenbidea bilatzeko asmoz. Beraz, bihar ikusiko da Irurita, Arizkun eta Amaiurren berririk dagoenentz.

Bertzalde, gainerako hamabi herrietan, abenduan alkatea aukeratu zutenetan, bihar botere aldaketa eginen da, hau da, orain arteko alkateak, alkate hautatu berriari pasako dio herriko aginte makila. Kasu batzuetan ez da aldaketarik izanen biharkoan, izan ere hainbat herritan orain arteko alkateak berriz aukeratu dituzte eta karguan segituko dute bertze bi urtez, errate baterako, Aniz, Almandoz, Arraioz, Berroeta, Elizondo, Gartzain, Lekaroz eta Oronoz-Mugairen, orain arteko alkateek jarraituko dute, Anizen Ainhoa Maritorenak, Almandozen Luis Roldanek, Arraiozen Joxelu Retegik, Berroetan Carlos Garaikoetxeak, Gar-tzainen Fernando Arraztoak, Lekarozen Mattari Plazak eta Oronoz-Mugairen Ruth Peñak.

Azpilkueta, Erratzu, Elbete eta Zigan, bai, eskuduntza aldaketa izanen da, alkate berriak aukeratu baititu herri bakoitzeko Batzarreak. Luis Mari Azcarragak Miguel Angel Azcarraga ordezkatuko du Azpilkuetan; Erratzun Joxe Itoizek hartuko ditu Miguel Etxandi orain arteko alkatearen eginbeharrak; Elbeten Xabier Urreagak hartuko du kargua, Fermin Almandozen ordez eta Zigan, Idoia Arrieta izanen da alkate berria, orain arteko alkate izan den Juana Mari Gortariren lekua hartuz.

BATZARKIDE ETA KOMISIONATUAK Biharko Batzarreetan bertze puntu bat izanen dute, herri bakoitzeko partikularrez gain, kuarteletako ordezkari eta mendi komisionatu berriak hautatzearena. Izan ere, lau urtean behin kargu hauek berritu behar dira, eta hala egokitzen da aurten. Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburua, Baztango kuartel bakoitzetik batzarkide bana eta bina mendi komisionatu aukeratzen dira lau urteka. Eguberri biharamunean bukatu zen hautagaitzak aurkezteko epea eta honezkero, herri bakoitzeko alkateek badute kuartel bakoitzeko hautagaien zerrenda.

Baztangoizako juntero izateko Miguel Etxandi Irigoien izanen da hautagaia eta mendi komisionatua izateko ez da inor aurkeztu; Elizondoko junterio izateko hautagaia Mikel Sobrino Urrutia da eta mendi komisionatu izateko bi hautagai daude: Luis Javier Laurnagarai Mihura eta Iban Larratxea Irigoien; Erbereako juntero izateko hautagaia Peio Obregozo Istilart da eta mendi komisionatua izateko ez da inor aurkeztu; eta Basaburuako juntero izateko hautagaia Rafael Arretxea Maritorena da eta mendi komisionatua izateko, Pedro Maria Gamio Gaztelu. Ez da bat edo bertzeren artean erabaki beharko, hautagai kopuruak eta eskainitako kargu kopuruak berdinak direlako eta kasu batzuetan hautagai guttiago dagoelako eskainitako karguak baino. Hala ere, Batzarreek hautagaiak berretsi beharko dituzte, aukeratuak izateko.