elziondo - Pasa den ortzeguneko Baztango Udaleko osoko bilkuran, 2018. urteko gerakina kontuan harturik eta Baztanen dauden beharrak ikusirik aurrekontuen moldaketa proposamena aurkeztu zuen gobernu taldeak eta ahobatez onartu zuten osoko bikuran.

Aurrekontu moldaketarekin, hainbat inbertsio burutuko dira. Nekazaritza azpiegituretara bideratuko da diru sail handiena, 76.885,98 euro; urtero bezala hainbat nekazaritza azpiegituren hobekuntzarako lanak aurreikusi dira: Erdizeko bideko drenaiaren hobekuntza, Biotzeko ziloko askaren ur-hartunearen moldaketa, Otsondoko iskindegiaren konponketa, pasabide kanadiarrak eta Gorramakileko aziendendako korlearen berrikuntza. Lan hauetarako diru laguntza esaktu zaio Nafarroako Gobernuari.

Gartzaingo Ariztegiko bidea breaztatzeko 28.774,69 euro erabiliko dira. Nafarroako Gobernuak Gartzaingo bide nagusitik auzoko sarreraraino doan errepide zatia zolaberrituko du eta hori aprobetxatuko du Udalak, aski gaizki dagoen auzo barneko bidea ere breaztatzeko.

Elizondoko Baztan pilotalekuaren teilaturako 25.080 euro bideratuko dira. 2010ean Baztan pilotalekuan teilatua eta fatxada birgaitzeko lanak egin ziren. 2011. urtean itexurak zeudela jakinarazi zion Udalak lanen egileari. 2017an udalak txosten periziala galdegin zuen eta ardurak argi-tzeko prozedura abiatu zuen, nahiz eta oraino ez den argitu ahal izan. Aurtengo neguan itexuren arazoak segitzen zuen, hortaz, teilatua aldatuko du Udalak eta ondotik, ardura nor duen argitzen delarik, arduradunak ordaindu beharko ditu lanak.

Baztango Udalarenak diren etxeetako bideak manten-tzeko traktore berria eta bigarren eskuko sasia mozteko makina erosi zituen udalak, herriek eskertzen dutelarik. Halere, sasiak mozteko makinarekin izandako arazoengatik berria erostea komeni denez, aurtengo aurrekontuetan 15.000 euroko kontu saila onartu zen horretarako, baina merkatuko eskaintza berriak ikusirik, horrelako erosketa egiteko 21.200 euro gehitzea erabaki du Udalak.

Azpilkuetako arditegi baten ondoan hodi bidez erreka kanalizatua heldu da eta hodia itsuturik dagoenez, arditegiaren zola jaten ari da. Hodia aldatzeko 16.819 euroko inbertsioa eginen da.

Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitza berritzeko adinekoean zaintza plana egin ondotik, nolako egoitza nahi den zehaztu behar da, erabiltzaileak, arreta eredua, langileak eta eraikinaren muga fisikoak bereziki kontuan hartuz. Zehaztapen lan hori egiteko aholkularitza kontratatuko da, 13.915 euroren truke.

Azkenik, Iruritako Dorreako bidea egiteko 10.479 euro erabiliko dira.

ORDAINSARIAK Atzoko osoko bilkuran ordainsariei buruzko mozio bat aurkeztu zuen Geroa Baik. Zinegotziek dietengatik jasotzen duten diruari 900 euroko gehienezko kopuru bat ezartzea proposatzen zuen; Isabel Olavek (Na+) mozioa kritikatu zuen, duela hilabete bat onartu zutelako ordainsarien zenbatekoa, eta proposamen hau hilabete geroago egitea ez zela serioa erranez.

Joseba Otondok (EH Bildu) aipatu zuen ados zeudela 900 euroko gehienezko kopuruarekin, baina mozioak ardura gehien zituzten zinegotziak zigortuko zituenez, informazio bilerak eta erabakiak har-tzeko bilerak desberdintzea proposatu zuen, diru banaketa berriak zinegotzi guztiei eraginen zielakoan. Hortaz, Geroa Bairen ekarpenean sakonduz, bertze mozio bat aurkeztu zuen gobernu taldeak. Informazio bileren truke 100 euro eta erabakiak hartzeko bileretan 150 euro ordaintzea proposatuz. Aldaketa hauekin, gainera, urtean 7.000 euro, legegintzaldian 28.000 euro aurreztuko zirela azaldu zuen.

Geroa Bairen mozioa ez zen onartu, aldiz, gobernu taldearena, bai, Geroa Bai ere alde agertuz.