elizondo - Zugarramurdin goizean goiz, 10.00etan abiatuko dituzte aurtengo Ama Birjin bestak. Suziria bota eta berehala, etxez-etxe abiatuko dira, musika lagun, ohiko eskean. Gero pintxoak izanen dituzte Heriko Etxean eta arratsaldean, frontoian haurrendako jokoak izanen dira, gero herri kirolak eta ilunabar eta gauean musikarik ez da faltako, Aldats elektrotxaranga eta Tirri&Tery disko jartzaileekin.

Oronozen 11.00etan piztuko du suziria Melo Berho pilotariak, bera hautatu baitute herritarrek altxaferoa pizteko, haurrekin egiten duen lana aitortzeko. Kalejiran abiatuko dira gero eta ondotik haurren bazkaria izanen dute. Arratsaldean haurrendako ekintzak izanen dituzte eta gainerakoendako mus txapelketa. ilunabarrean Baztan-zopak eta Pali disko jartzailea.

Amaiurren 20.00etan botako dute altxaferoa eta ezkil jotzearen ondotik Kuxkuxtu txarangak alaituko ditu karrikak baita gero Baztan -zopak ere, 400 lagun elkartuko direlarik. Gaupasarekin borobilduko dute bezpera eguna, Gabezin taldearekin. 4.00etan eta 6.30ean itzultzeko gan-torri autobusa izanen da. - F.A.G.