elizondo - Elizondoko Lanbide Eskolako Lantokietako Prestakuntza eta Orientabidea moduluko ikasleek, Laneko Arriskuen Preben-tziorako Oinarrizko Teknikari titulua lortzeko eskatzen diren edukiak landuko dituzte, aurten ere, proiektu baten bidez.

Iaz burutu zuten ikastetxean Lanbide familien laneko arriskuen prebentziorako I Topaketa. Elizondoko ikastetxean Enpresen Administrazio eta Finantzetakoa eta Hostalaritza eta Turismoko Goi Mailak, eta, Kudeaketa Administratiboko, Mekanizazioko eta Erizaintza laguntzaile Erdi Mailak irakasten dituzte, eta Lantokietako Prestakuntza eta Orientabideak moduluan ematen duten zikloetako irakasle taldea proiektu bat garatzen ibili zen azarotik martxora bitartean. Proiektuan, ikastetxeko ziklo desberdinetan irakasten diren bertze modulu batzuren parte hartzea ere izan zuen.

Aurtengoan, Elizondo Lanbide Eskolako Lanbide Familien Lan Arriskuen Preben-tziorako II Topaketak antolatu dituzte, eta pasa den ortziralean abiatu zituzten.

Ikasturte honetarako egitarau oparoa prestatu dute, eta iaz egin zen bezala Lanbide Familia ezberdinetako etorkizun hurbileko ikasle guztiak Topaketa hauetan elkartzeko aukera izanen dute proiektuaren garapeneko momentu ezberdinetan.

Ortziralean hasi zuten egitaraua eta lehenbiziko hitzordua ikasleak, sentsibilizatzeko eta gaiak lanean duen garrantziaz konturatzeko eta kontzientzia hartzeko antolatu zuten. Horretarako, hi-tzaldi-mahai inguru bat burutu zuten ikastetxean, gaia jorratzeko. Laneko arriskuen prebentzioan parte hartzen duten aktore ezberdinak gonbidatu zituzten, hala nola Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Javier Razquin teknikaria; ELA Sindikatuko Andoni Larralde, LAB sindikatuko Gorka Bueno eta STEILAS sindikatuko Iñigo Barace eta laneko istripua lehenengo pertsonan pairatu dutenen lekukotza ere bildu nahi izan zuten, Ugutz Zelaieta eta Denis Lizasoain gonbidatu zituztelarik.

Proiektuaren lehenbiziko geltokia izan zen ortziralekoa, oinarria hartzeko baliagarria. Hemendik aitzinera bertzelako jarduerak antolatuko dituzte hurrengo hilabeteetan.