Baztango Dantzariek eta Elizondoko Gaitariek hilero antolatzen duten bailableak burutu ziren bertze behin ere pasa den igandean Elizondoko Foruen Plazan. Ikasturteko azken saioa izanen zela iragarri zuten, eta azkena zela aprobetxatuz, Elizondon egindako ohiko dantza saioaz gain, Baztango herri guztietan sorpresa ederra hartu zuten, izan ere, goizean goiz, 15 herrietan gaitari eta atabalariak beren musikarekin karrikak alaitzen ibili ziren. Elizondoko Gaitariez gain, Baigorrikoak, Iruñekoak, Bizkaikoak, Huartekoak, Burlatakoak, Martzillakoak, Ablitasekoak, Zangozakoak eta Artaxoakoak hurbildu ziren herrietara, igandeko egun ederra musikaz are ederragoa bilakatuz.