Urtaroa bukatu ez den arren, udazkena gero eta hurbilago dugu, eta horren erakusgarri izan ohi da urtero ikasturte hasiera. Haur eta gaztetxoak ikasgeletara itzultzen direnean aldaketa bat ematen da etxeetan, eta oro har, herrietako karriketan. Atzoko zen inflexio eguna, uda eta udazkenaren arteko marra zeharkatzen. Ikasle, irakasle eta gurasoengan txip aldaketa gertatu da dagoeneko, eta hurrengo hilabeteetan bertze dinamika batean murgilduko dira.

Ikastetxeez gain, dena den, ikasturte edo denboraldi berriak asmo berriak dakartza aunitzetan, eta baztandarren kultur gosea ase nahian, urtero bezala, Baztango Udalak hurrengo hilabeteetan zehar garatuko diren ekimen desberdinen eskaintza zabala prestatu du 2021-2022 ikasturterako. Urrian abiatuko diren ikastaroak Elizondon, Arizkunenea kultur etxean emanen dira.

Antzerki jolasa izanen da emanen den ikastaroetako bat. 14-15 urtetik goitikoendako antzerki tailerra izanen da, urriaren 5ean abiatuko dute eta asteartero elkartuko dira Arizkunenean, Josune Gorosteguik gidatua. Gutxienez sei lagun eta gehienez hogeik eman beharko dute izena, Baztanen erroldatuek 42 euro ordaindu beharko dituzte eta erroldatu gabekoek 56. Azken urteetan ohikoak diren bi ikastaro gaita eta atabalarenak dira. Hasiberri eta arituendako gaita eta atabala saioak urrian 2an hasiko dira, larunbat goizez izanen direlarik. Atabala jotzeko sei urte beharko dira gutxienez eta Shanti Diaz Carmona izanen dute irakasle. Hamar urtetik goitikoek gaita jotzeko aukera izanen dute Tomas Diaz Peñalvaren eskutik. Erroldatuek 90 euro ordaindu beharko dituzte eta erroldatu gabeek 120. Bertzalde, Artearen esperimentazio tailerrean gaur egungo artea hobe ulertzeko eta XX. mendeko mugimendu eta artistak ezagutzeko zortzi saio eginen dituzte Amaia Zinkunegiren eskutik, urriaren 7tik aitzinera, ortzegunetan, 7 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek 16.30etik 18.00etara eta helduek 18.00etatik 19.30era. Erroldatuen prezioa 24 eurokoa haurrendako eta 36 eurokoa helduendako, eta 36 eta 48koa gainerakoendako. Plastika lantegia ere izanen da, 5-11 urte bitarteko haurrendako. Kasu honetan, azaroaren 6, 13, 20 eta 27an eginen da ikastaroa, Sonia Iltzarbe eta Eneko Perezen eskutik. Taldea osatzeko gutxienez zortzi eta gehienez hamabi lagun izan beharko dira. Izena emateko erroldatuek 30 euro (bi lagun) edo 40 euro (hiru lagun) ordainduko dituzte, erroldatu gabeek 40 euro (bi lagun) edo 60 (hiru lagun).

Izen-ematea irailaren 17ra arte zabalik egonen da, astelehenetik ortziralera, Arizkunenea kultur etxean edo 948 58 12 79 telefonoan.

Bukatzeko, irailaren 25ean 5 eta 12 urte bitarteko haurrek Lego piezekin sormena lantzeko aukera izanen dute Discover Bricksen eskutik eginen diren Erdi aroko eta Dinosauroen doako tailerretan. Info@discovertricks.es-en edo 636479965 eta 636450745 telefonoetan eman daiteke izena

UDAKO BARATZE KONTSERBAK Heldu den asterako egunerokotasunari loturiko ikastaro bat ere antolatu du Udalak. Elikadura osasungarria eta jasangarriaren bidean, Zer jan, halako Baztan ekimenaren bidez, elikagaien galtze eta xahuketa saihesteko bidean, Udako baratzeko kontserbak izeneko ikastaroa. Belen Urrutiak, Elbeteko Posadako sukaldariak, kontserbak nola egin erakutsiko du. Irailaren 13an, 16.30etik 20.00etara izanen da ikastaroa, Erratzuko elkartean. 10 lagunendako tokia dago eta parte hartzeko telefonoz, 948581279an, edo emailez, kirolak@baztan.eus helbide elektronikoan eman beharko da izena.