Geroa Bai eta EH Bilduk Baztanen egiteko inbertsio desberdinak sustatu dituzte 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

Diru partida handiena, 150.000 eurokoa, bi alderdiek batera sustaturiko ekimen batek jasoko du. Heldu den urtean 500 urte beteko dira Gaztelarrek Amaiurko gaztelua hartu zutenetik eta bortzgarren mendeurrenaren harira antolatuko diren oroimeneko ekitaldietara bideratuko da aipaturiko diru saila.

Geroa Bai eta EH Bilduk batera aurkeztutako 50.000 euroko bertze zuzenketa baten bitartez ere, Baztango Udalak Eskualde-garapenerako Ikerketa-Zentroaren promozioa bulkatuko du Lekarozen.

Bertzalde, Geroa Baik 11.000 euroko inbertsio bat bulkatu du Elizondoko kaleetan zaharberritze eta irisgarritasun obrak egiteko, bai eta Santiago kalean baranda bat jartzeko ere. Gainera, 25.000 euroko laguntza bati esker, Baztan Haranean Hiri Mugikortasun Jasangarrirako plan bat burutzeko aukera izanen da, eta 6.500 euroko bertze diru sail bat aurkeztu du Arraiozen paseoaren asfaltatze lanak egiteko.

Arizkunen aziendarendako aitzinako baskula zaharberrituko da, eraikina komun publiko bihurtuz, horretarako 33.000 euroko laguntza bideratuko du Geroa Baik. Gainera, alderdiak bertze zuzenketa bat aurkeztu du, 12.000 eurokoa,Urritzateko baserrietako bideen hobekuntza lanendako.

Amaiurren, bertzalde, 20.000 euroko inbertsio bati esker Ostatua proiektua bulkatuko da. Izan ere, Baztango Donejakue bidearen baitan, aterpetxeak berokuntza sistemarik ez duenez, bere jarduera udara mugatzen da bakarrik. Diru sail honi esker, beroketa sistema bat jarriko da, bai eta ostatua zaharberritze lanak ere eginen dira, eskaintza urte guzira zabalduz.