Beñat Irastorza Ugaldek irabazi du 2022ko (H)ilbeltza beka. (H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak aurten seigarren aldiz antolatu dute euskal nobela beltza sustatzeko helburuz sortutako lehiaketa eta aste honetan ebatzi dute. Sormen lanak eta itzulpen lanak saritzen ditu bekak, urtero txandatuz. Aurtengoan itzulpen lana saritzea egokitzen zen, eta antolatzaileek Fred Vargas idazle frantsesaren Debout les morts eleberria euskaratzeko hautua egin zuten. Polizia-eleberriaren arloan, idazle itzulienetakoa da Fred Vargas (Paris, 1957), eta liburu gehien saltzen dituenetakoa ere bai. Dena den, Euskarara ekarri gabe zegoen eta hutsune hori beteko da aurtengo bekari esker.

Lehiaketako parte hartzaileek eleberriaren lagin bat euskaratu behar zuten, eta Joseba Otondo, Baztango alkateak, Koldo Biguri, azken itzulpen bekaren irabazlea eta (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute epaimahaia eta lehiaketara aurkeztutako 13 laginen artean Irastorzarena aukeratu dute. Nabarmendu dutenez, “itzultzaileak frantsesezko obraren erritmoari tentuz eta zentzuz jarraitu dio itzulpenean. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da erabilitako joskera, euskaraz testu irakurgarria egin nahian.Orobat, hizkuntzaren erregistroak zaindu ditu eta euskara aberatsa darabil, eta irakurketa gozagarria eta bizia eragiten du ondorioz”.

IRABAZLEA Beñat Irastorza Ugalde (Ordizia, 1993) matematikaria da, Bartzelonan egin zituen ikasketak. Literatura eta hizkuntza zalea da aspalditik, eta gaur egun Frantziar estatuan bizi da. Gipuzkoarrak (H)ilbeltza beka irabazteari esker euskaratuko duen liburua izanen da argitaratuko duen bere lehen itzulpen lana.

6.000 euroko beka jasoko du Irastorzak, lehenbiziko zatia (3.000 euro) jasoko du orain, eta urtebeteko epea izanen du lagin irabazleari segika, liburua osatzeko, hau da, Debout les morts liburuaren itzulpena bere osotasunean egiteko. Behin hau bukatuta, epaimahaiak oniritzia ematen duenean, bekaren bigarren zatia jasoko du (gainerako 3.000 euroak), eta Txalaparta argitaletxeak liburua argitaratuko du 2023 urte bukaeran. Ondotik, Euskal Nobela Beltzaren Astearen 2024ko edizioan, ilbeltzean aurkezpen publikoa eginen du. Izan ere, urtero, ilbeltzean egiten den Euskal Nobela Beltzaren Astea argitalpen berriaren inguruko solasaldi-merendu batekin abiatzen da.