Haizeak aunitz lagundu ez zuen arren, 20 lagun bildu ziren joan den larunbatean Gardelko bagoetan Arbolaren Eguneko landatzeko eremua prestatzeko. Larunbat honetan eginen dute landaketa, Beti Gaztek antolatuta. Gardelko bagoetan hainbat zuhaixka landatzeko asmoa dute eta horretarako, joan den larunbateko hitzorduan eremua garbitu, sasiak kendu, zerrakura egin eta landaketak egiteko zuloak prestatu zituzten. Guztira hogei bat lagun bildu ziren, haur eta heldu, lanerako prest.