Badira musika bihurtzen diren kale batzuk. Eta bada hizkuntza bat —gurea—, bere presentzia hutsak giroa festa bihurtzen duena.

Euskaraz entzutean zerbait mugitzen da barrenean, ezta? Batzuetan emozioa da, bestetan sorpresa, eta maiz… “sabeleko kalanbreak”. Bai, ondo definitu ezin, baina ezaguna den halako zirrara gozoa. Euskara entzutean barruan zerbait esnatzen da.

“Amets bat izan nun, eztizko amets bat”, non kaleetan euskara ozen entzuten zen: kalean, plazan, tabernetan, ikastolako barrakan… non hizkuntzak ez zuen isiltzen, baizik jendea dantzan jartzen zuen. Eta nik “trikitixa dantzatu nahiko nuke edozein herritako jaietan”; baina batez ere, nire herrian, nire hizkuntzan.

Hizkuntzak jolastu ere egiten du, “Gaztainondo ta pago, eskultura arraro. Kaleak edo mendiak zerk galtzen gaitu gehiago?”, munduaren seriotasuna apurtuz, festaren zentzua gogoraraziz: partekatzea, irri egitea, bizitzea. Eta bai, batzuetan ez da erraza. Zalantzak, beldurrak, automatismoak... baina “denbora da poligrafo bakarra”, eta denborak erakusten du: egiten duguna, hautatzen duguna gara.

Euskarak ez du perfektua izan behar jaietan. Ez du gramatika libururik eskuan eraman behar. Euskarak “zuek ez aspertzeko arratsalde honetan” bizi behar du, partekatu, kalean dantzatu. Jai, abesti, elkarrizketa “honetan, honetan, honeta-a-an…”, euskara gurekin dabil, presente eta bizirik. Eta hori guztia posible da gurean ere: ez galdu Lizarrako jaietan euskaraz gozatzeko aukera. Gure hizkuntzak badu tokia enparantzan, tabernetako barran, konpartsan eta guztion ariman; eta guk geuk eman diezaiokegu ahotsa, arnasa eta erritmoa.

Eta bat-batean, norbait euskaraz mintzatzen denean, lagunartean edo ezezagun artean, “borobildu zaizkit ertzak zure ondoan” esaten du bihotzak. “Izpi lasaigarri bat” pasatzen zaigu barrenetik. Hitzak ez dira bakarrik hitz: jarrera dira. Adiskidetasunaren hasiera. Maitasunaren sustrai. Eguneroko erresistentzia.

Euskal musikak ez du soilik dantzarazten edo kantarazten. Lotu egiten gaitu. Harreman berriak sortzen ditu, eta zaharrak sendotu. Kontzertu bateko ukondokada batetik hasitako adiskidetasun bat, abesti berdina abesten duten bi lagun ezezagun, irribarre konplize bat plazaren erdian. Horregatik, abestiek ere ehuntzen dute gure gizartea; gizakiak izatea, izatean zailtasuna izan arren. Eta hala ere, “Hara horra! Harro gara! Erre arren erro zaharra!” abesten dugu, eta harrotasunez bizi dugu gurea. Musikak komunitate bihurtzen gaitu. Euskal musikak bereziki batu egiten gaitu, eta artikulu hau ere hari berarekin josi du: doinu, esaldi eta sentimendu kolektiboen bidez, gure hizkuntzarekiko maitasuna berriz kantagarri eginez. Euskarazko kantu batek, batzuetan, milaka hitzek baino gehiago hurbiltzen gaitu.

“Zuretzat ilargia lapurtuko nuke gauero”, baina beharbada, nahikoa da euskaraz “Kaixo! Kaixo!” esatea, “Zelan? Ondo!” galdetzea, edo tabernariari “garagardo bat, mesedez” eskatzea. Hor hasten dira benetako iraultzak. “Euritan dantzan, euritan dantzan, kalien!” bezala: giroa bustita egon arren, dantzan segitzeko gogoa izatea.

Eta egunen batean, “ze ederra izango den itzulera, elkarren besoen zabaleran”. Bai, egunen batean euskarak izango du dagokion tokia: natural, ozen, askatasunez. Eta orduan, “elkartuko gara berriro, gure betiko lekuetan, zabalduko ditugu besoak, besarkatuz gure arimak”, baina berriz elkarrekin, eta berriz euskaraz. Jai zoriontsuak izan!

Lizarra Ikastolako zuzendaria