Legealdi guztietan izaten dira beren burua nabarmendu nahi duten udalkide handiusteak. Iruñerrian, inor bereizi behar izatekotan, Berriobeiti Zendeako alkate jauna ekarri beharko genuke lerrootara, haren erranak, eginak eta txioak direla eta. Gizona non eta Berriozarko Udaleko osoko bilkuretan ere agertu izan da, dena kamera batekin grabatzeko. Alderantziz balitz, hau da, Berriozarko alkateak Berriobeitiko batzar aretoan gauza bera egitera, sekulakoak eta bi entzunen genituzke. Oroitaraziko dugu UPNko buru nagusi izan nahi duten bietariko bat Berriozarko ba-tzar aretoan eserita egon zela urte sail luzean. Sayas jauna, alegia. Gogotik saiatu zen alkate izaten, baina ez zuen erdietsi. Gero, zinegotzi izaniko urte haietan errandako ahoberokeriek bulkaturik, foru politikagintzaren plazara egin zuen jauzi, eta orain, Madrilen dabil, hango hedabide eskuindarrek ederki zainduta, UPNko aginteaz jabetu nahian. Azken boladan, meritu handia egiten ari den bertze bat Sesma zinegotzi jauna da Iruñean. Nola dabilen ikusirik, aise igar daiteke oso gora igo nahi duela. Hezkuntza alorreko arduraduna da. Hiriburuko haur eskolen aferan hartu dituen erabakiek eraginik, jendeketa ibili zen bart arratsaldez hirian. Horrez gain, ez die oposizioko zinegotziei eman nahi izan gurasoen nahiari buruzko inkestaren xehetasunik, udal idazkariak inkestari dagokion kontu oro ematera beharturik dagoela gogorarazi badio ere. Zinegotzi jaun beraren eskuak ezabatu ditu baskoien eta euskararen gaineko aipamenak haurrendako ikasmaterial osagarrietan, baskoiekiko ezinikusia gero eta nabarmenagoa baita nafar eskuindarren artean, eta erran daiteke ia desagerrarazi egin dituztela Nafarroako historia ofizialetik, Lakarra ezagutzen ez duten seinale. Horra, beraz, Iruñeko jaun zinegotzi buruzut arrandi-tsua, hilabete gutxian jauntxo bilakatua.