Nafarroako Artxibo Handian ezagutu nuen Fernando Maiora, behiala Trabukoren surrean nenbilela, eta ezagutu nuen ordukotz ohartu nintzen gihar fineko gizona nuela. Geroztik baditut leituak haren liburu franko, eta aztertuak ere bai, batzuk. Haietako bat Injurias, coplas, frases, erlikia askoren artean honako perla hauxe dakarrena: Zirol 145, Artaxoa 1645: "que el dicho Garcia de Zaro hera un menguado, zirol, picaro, y questo lo dijo una y muchas veces".

Ikustekoak dira zirol horren gainean gure euskalari, filologo eta etimologo eminenteek esandakoak, eta behin eta berriz errepikaturikoak, hasi 1596ko errefrau hartatik (RS.21) eta egundainokoan, ikustekoak direnez! Hona non izan zuen okerrak hasiera: "Çitel çirola, noc gudura aroa? Pusilanime çapatero, ¿quién te lleua a la guerra?". Eta nork esan niri, oraintxe neretzako apropos idatzia izan ez zela errefrau hori?... Bete betean harrapatzen baitu nere joera eta gaitza. Izan ere, larehun urte pasaxeren buruan, nik bestek ez baitu ikusi çapatero arrotz hori, funtsean eskuz idatzitako çicatero orijinalen batetik sortutako hutsegitea baino ez dela izan, eta gizaldiz gizaldi hor segitzen duela hutsegiteak, uka eta uka, zapataritik zipi-tzik ez duen honako mutiko zital zirol honi kasurik ere ez egiteagatik. Eta, nork nakar ni hona, berriz ere gudura, uka eta uka, Xabier Kintanak esanen lidakeen moduan, zentzu komunak ez bada?...

Bistakoa baita hor, zirola ez dela pusilánime besterik. Izanez ere, zenbateko aldea dago, bada, pusilánime edo menguado, eta ondoreko nere ahul, ñoño, xepel horien artean? Niri egin behar galde!... Edo bestela, maisuetan maisuenetara jo zenezake, eta zirol honi buruz esandakoak ikusi, azken fineko Joseba Lakarraren edizio kritikioan, 222 eta 256 orrietan, Euskararen Lekukoak 19, Euskaltzaindiak 1996an argitaratuan.

Ez hori bakarrik, oker hori dela medio zital hitzak ere sekulan bereak izan ez dituen esanahiak hartu baititu. Ikus bestetan beste, Orortariko Euskal Hiztegian: "zitel (A, que cita RS). Cobarde, apocado". Gauza jakina baita harri ttar bat mugitzeak hutsak harrizko pareta guzia lurrera dakarren bezalaxe hondatzen duela esaldia, honen barrengo hitz ttar baten okertzeak, edo baita hitz ttar egoki baten iraizeko intonazio okerrak ere.

Berriz ere gudura datorren gixajo xelebre honen sonak eta senak oraindik deustarako balio lezaketela uste baduzu, ordea, goian aipatu Fernando Maiora saiatuaren 1645eko erlikia eder hori (menguado, zirol) makulutako hartuz, irakurri Dakiguna Ikasten liburuko 108-109 orrietan neuk esandako kontuok, eta uko egiteko bazaude, atera guduzelaira, ez baitut uste zenbait eminenterenak baino akalagoak aterako zaizkizunik nere Goizuetako haurtzaro maitean hitzetik hortzera aditutako kontu zirolok:

"Irola egin: denbora baino lehen galdu umea ardiak (edo beste edozein aziendak). Iroliñak (irol+eginak) Irolinduak: Umea galdutako ardiak. Bisuts urtean asko izaten omen dira, hala zioten garai bateko artzainek. Baita xirol, xirolka, xiroldu, ziroldu? eta gisakoak ere, alde aldera ahul, noño, xepel zentzuan, hor dabiltza bertara samar, nola fonetikan hala semantikan. Bai baitakit aurren zeta hori (z-) geroztik galdua dutela hasieran aipatu irol, irolin, irolindu, eta abarrek.

Usario zahar horretatik sortua behar du Leitzako artiola hitzak ere: ardi + irola (Ikus Mikel Olanoren hiztegian). Izan ere, orain gutxi arte, urruxa eta ahariko, bildots guzia uzten baitzen aurrerako; eta ez da batere harritzeko, beraz, jezten ziren ardi bakarrak: ardi irolak (< artiolak) izatea; zer edo zergatik umea galdutako ardiak, alegia. Baina, nork ulertu niri, neronek bizitako egia enpirikoak ditudanok, gaurko doktore ipurtxurion artean? Dena dela, norbaitek nahi izanez gero, prest nengoke hobeki esplikatzeko".