artikulu bat, “Syriza sindromea” izenburukoa, idatzi nuen Argia astekarirako joan den astelehenean goizean goiz. Hamaikak aldera bidali nuen eta berehala aldizkariko iritzi saileko arduradun Mikel Asurmendik, beti bezain abegikor, zintzilikatu zuen Interneten, eta gero paperezko euskarrian plazaratu (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2666/syriza-sindromea). Begi-bistan da Sanchezek bere jarrera aldatu aurretik idatzi nuela. Baina kontutxo bat aitortu nahi dut. Alegia, artikuluaren lehenbiziko zirriborro batean segurutzat ematen nuen Koalizio Handiaren alde jarriko zela PSOEko hautagaia. Alabaina, azken unean, zuhurtzia senak agindu zidan atea irekitzeko bertze aukera bati, eta halaxe egin nuen, beti ere argi adierazten zer ekarriko lukeen Koalizio Handiaren aldeko aukerak.
Pozten nau, baiki, Sánchezen aldaketak, historiko izan daiteke, eta bazen garaia! Bertze kontu bat da zergatik aldatu duen, eta ez preseski zintzotasunagatik, bertze arrazoi sasikoagoengatik baizik, hala nola Sánchezen hantusteagatik, anbizioagatik, presidentetza lortze aldera. Kontuan harturik batzuetan zergatirik bihurrienek hartu arazten dizkigutela erabaki zuzenak, ongi etorria aldaketa. Eta aldaketa horretarako, zeintzuk izan dira boto baliodunenak? PSOEri, ala aldaketaren aldeko bertze aukerei emanikoak? Lepoa jarriko nuke PSOEri joan izan balitzaizkio politika molde eta funts berrien aldeko botoak guztiak, ez zezakeela keinu gutxienik ere egin Sanchezek CEOEren aginduetatik ateratzen saiatze aldera, hots, bertze boto horiek, hautetsirik lortu ala ez, behartu dutela PSOE aldatzera.
Ikusteke dago zertan gauzatuko den Iglesias eta Sánchez arteko ituna, prest eta zentzudun agertuko ote den Sánchez behar dituen bertze aliatuak, aldez edo moldez, aurkitze aldera. Zailena, jakina, ERC izanen du, Sanchezen kulpaz preseski gutxienez haren abstentzioa behar duelako. Sanchezek berak, edo bere aholkulariek edo PSOEren gerontokraziak berdin du, eskuinaren abertzalekeriarekin lehian sartu nahi izan du kanpainan, baina kukuak oker jo du, bistan dena. Inpentsan moldatu behar izan du diskurtso berri bat ez ezik, bere pentsamoldea ere birmoldatu behar du, nahita nahiez. Hondoraino sartu zuen hanka PPri men eginez justizia-kodeko kontu gisa hartu zuenean Kataluniako arazo politikoa eta harrapaturik dago jada lakio horretan, justizia-sistemak bere bidea hain aurrera eginda.
Badu Sanchezek zeri eta nortzuei heldu lakiotik ateratzeko, gogoz kontra besarkatu berri duen aliatuari eta hain peioratiboki deituriko “periferiako” indar politiko ezberdinei alegia, PSOEren barneko pentsamolde korronte batzuez ahantzi gabe, eta horretaz baliatu beharko du bere presidentetzaren egonkortasuna ziurtatuko badu.
Une historikoegia agian hain epe motzeko estrategia elektoralista hutsa maite izan duen batentzat, baina bere maila intelektualak ematen ez badio, bere anbizioak behintzat emanen ahal dio aukerarik! Irabazle galtzaile atera da hauteskundeetan, baina ikasbide ederrak eskaini dizkiote emaitzek.