Julen Urkizak 40 urte beteko ditu datorren urtean Karmel aldizkariaren zuzendaritzan. Ez dira bat ez bi izan urte hauetan guztietan Karmel aldizkariak argitaratutakoak. Barne mugarik gabeko Euskal Herria irudikatu du Karmel-ek urteotan, idazle erlijioso zein ez erlijiosoek ondua, batueraz zein euskalkietan idatziz, emakumezkoek zein gizonezkoek nork bere plaza izanik, gazte zein adineko, guztiak elkarren irakurle.

Aurreko larunbatean urteko bazkaria izan dute Karmel-eko idazleek. Bazkariaren aurretik, urteko bilera egin dute Markinan, urte horretako uztaren berri emateko: gai berriak, idazle berriak… Idazleetako bati aleetako bat aurkeztea egokitu zaio baina alearen aurkezpena egin beharrean, beste zerbait egin du. Ale horretan aipatzen diren Karmel-eko idazleei buruz hitz egin du. Delako alean, hainbat idazlek jaso dituzten sariak eta aitorpenak deskribatzen direlako.

Alea aurkeztu behar izan duen idazleak esan du Julen Urkizak beti esan ohi duela euskaltzain gehien eta literatur sari handienak jaso dituen aldizkaria Karmel aldizkaria dela. Hau esatean, kideek irribarre egiten dute, lotsaz beteta. Eta Julen Urkizak esan izan du baita ere, Karmel aldizkariak dena oso modu xumean egiten duela, bai aldizkaria bera, bai idazleei egiten zaien aitortza.

Baina alea aurkeztu duen idazleak gaineratu du, Julen Urkizak ez duela esan ohi, idazle lagunekiko harrotasuna eta lagunengatik poztea ere ba dakarrela Karmelek. Eta pare bat anekdota kontatu ditu, Karmel-eko idazleek Euskadi Sariak, Espainiako Kritika Sariak, Itzulpen Sariak edota Poesia Sari Nazionala irabaztean sentitutakoak zer izan diren. Kontatu ditu baita ere, Karmel-eko idazleak euskaltzain oso edo urgazle edo ohorezko izendatu dituzteneko momentuak zirraragarriak izan direla.

Bera izugarri handi sentitu dela adierazi du, aitortuen izenean. Eta adierazi du, ez dagoela sentsazio ederragorik, beraien lanari esker, ingurukoak handi nola egin diren ikustea baino. Elkarrekin sinisten, partekatzen eta ereiten duten euskal munduagatik. Nik ere, aitor dut, nire txikian, handi sentitu nintzela beraien abaroan.