Joan den ostiralean, Ylva Johansson, Europar Batasuneko Barne Arazoetako Komisarioa, prentsaurrekoan agertu zen migratzailez betetako arrantza-ontzi bat, Itsaso Jonikoko gunerik sakonenean asteazken goizaldez, hondoratu zela eta. Hondoratze horren biktimen kopurua oraindik zenbaturik ez dago, ehunka pertsona zerama itsaontziak: 104 besterik ez dira bizirik erreskatatu eta, itsasoan galdutakoen artetik, 78 gorpu berreskuratu dituzte soilik. Denak gizon gazteak ziren, emakumeak eta haurrak itsasontziko sotoan bildurik baitzeuden. Johansson andreak berak baieztatu egin zuen Mediterraneoko migrazio-tragedia handienetako bat izan dela. Bai… eta orain? Ze eztabaidaezina den, alde batetik, tragedia iragarria eta neurri handi batean saihesgarria izan dela eta, bestetik, badakigula ez dela azkena izango. NBEk emandako datu ofizialen arabera, 2014tik hona Mediterraneoan hilda- eta desagertutako migratzaileak 27.000 dira, 2.400 baino gehiago iaz eta aurten, azken hondoratzea zenbatu gabe, 1.116 dira jada. Neure buruari galdetzen diot nik: nola iritsi gara honaino? Norbaiti axola al dio ehunka, milaka migratzaile hil edo desagertze? Europari, egia esan, ezetz dirudi. Erantzuna ez da unibokoa, plurala eta konplexua baizik. Hala ere, ez izatea begirada eta arreta desbideratzeko inongo justifikazioa. Tira ba… Berak duen erantzukizuna helarazten du EBk, mafiei eta krimen antolatuari errua zuzenki egotziz. Aldi berean, milioika euro ordaintzen die deituriko huts egindako estatuei –hala nola Libiak edo Tunizia– baita Turkiari ere, migratzaileak haien kostaltik ateratzea saihesteko edota itsasoan atzematu ondoren hara bueltaraztek, NBEk berak torturak eta gizateriaren aurkako krimenak dokumentatu dituen atxilotze-zentroetan giltzapetzeko. Gainera, ageri-agerian dago Europako migrazio-politika bateraturik ez dagola, itsas salbamenduko eta migratzaileak erreskatatzeko operazinoak esklusiboki polizia-operazino bihurtzeko baita mugak ixteko eta kontrolatzeko ere, izan ezik. Frontex on fire.