Euskaldunok ohituak gaude garai larritan igerian, arnasa hartzen enbata eta ekaitza erdian. Gehiegitan. Euskal nortasuna, geure eskubideak eta autogobernu bera jokoan dugu. Erabateko kezka diogu inboluzio demokratikoari, populismoari eta demagogia berari ere. Era berean eskubide zibil eta demokratikoak joko zelaian dabiltza. Aukera ezin hobea sekretu ofizialen legearen aldarazpena eta estatuko buruaren bortxa-ezintasuna behin eta berriro galdatzeko aukerarekin jarrai ahal izatea. Politika eta elkarbizitza, letra larriz, aldarrikatzen dugunok emakume eta gizonen arteko berdintasuna arriskuan ikusten dugu, era berean matxista jarrerak gaitzesteko aukera bera. Pentsio duinak, justizia soziala, diskriminazioa, ongizate estatua eta gazteentzat oraina eta etorkizuna bermatuko ditzaketen garai berriak kolokan egon daitezkeelakoan nago. Klima aldaketa, ingurumena eta energiaren jasangarritasunaren beharrean sinesten dugunoi kezka nagusitu zaigu. Ikustear U-23 gauean zein tenoretan dugun bihotza eta garuna. Bidezko fiskalitate birbanatzailea eta ekonomiaren Itunaren zerga politika zuzen eta egokia zabaltzea eta hedatzearen alde lehian jarraitu nahi dugu, ez dezala ezerk, inork, borondate irmo hori deuseztatu. Behar bezala ordaindutako enpleguaren defentsan sinesten dugunok ez ditugu lortutako aurrerapenak atzera egiten ikusi nahi. Era aurrerakoian esparru publikoa eta pribatuaren arteko lankidetza, berrikuntzaren eta nazioartekotzearen, ETEen eta langile autonomoen aldeko apustuak ez ditugu zalantzan ikusi nahi. Europan sinesten dugunontzat garai erabakigarria dugu, aurrez aurre. Europa sozialki aurreratuan, kohesionatuan, ekonomikoki lehiakorrean geure ahotsa, euskaldunon ahotsa, Euskal Herri osoaren ahotsa, Euskadiren ahots propioa nahi dugu. Beharrezkotzat jotzen dugu geure ahots propio horri, ezinbestekotzat. Asko jokoan gutxi barru euskaldungoa eta demokraziaren ikuspuntutik. U-23an asko dago, dugu, jokoan. Zuk zeuk erabaki zer bozka irakurle estimatua.