Kasualitatez aurkitu dut argazkia. Zuri-beltzean, han agertzen gara nire lehengusina Nerea eta biok, umetan, Karraspioko hondartzan, gure atzealdean Garraitz uhartea eta Kantauri itsasoko olatuak. Gure amen zapatak jantzi ditugu eta barrezka ari gara, guretzat handiegiak diren zapata haiekin harea bustiaren gainean pausoa ezin emanda. Esajerazioa ematen du, baina, argazkia ikusita, une hura gogoratu dut atzo izan balitz bezala. Amaren sandalia zuriak bereziki, baita lehengusinak zeramatzan bere amaren eskalapoiak. Takoi pixka bat zuten ta horrek oraindik erronka handiagoa bihurtzen zuen haien gainean ibiltzea.

Amaren sandalia zuriak. Batzuetan ez gara konturatzen haurtzaroan nola bizi dugun guztia intentsitatez, eta nola geratzen zaizkigun grabatuta betirako irudiak, sentsazioak, usainak, oroitzapenak... Intentsitate hori nekez esperimentatu dezakegu berriro nagusitan. Gogoan dut nola jolasten ginen emakume izatera, beti gure amen erreferentearekin, eta konturatzen naiz helduek zer erantzukizun duten haurrengandik zer espero den erakusteko moduan eta haiei mundua azaltzeko moduan; izan ere, eskaintzen diegun seinale, mezu, jokabide-eredu bakoitza markatuta geratzen baita haien barruan, sandalia zuri horiek nire oroimenean betiko grabatuta geratu zaizkidan bezalaxe. Larru zuri haren leuntasuna ere gogoratzen dut.

Baina argazkiari begira, bat-batean, telebistan ikusi dudan oso bestelako irudi batek eraso dit: ume palestinar batena, sei urte baino ez ditu izango, beldurrez dardarka dago, bakarrik, bere familia non dagoen jakin gabe, bonbardaketen erdian. Nire haurtzaroko une zoriontsu hura oraindik nola gogoratzen dudan kontuan hartuta, ezin dut imajinatu zein intentsitaterekin geratuko den bere gogoan une honetako oinazea eta izua, beti ere heldua izatera heltzeko zortea baldin badu. Eta ezin dut imajinatu ezta beldur eta min hori guztia zertan bihurtuko den bere barnean urte batzuk barru.