Aste honetako hego-haize epel-epelak ziztuan eraman du Iruñerriko mendietako elurra, baita Irulegikoa ere. Ez, ordea, Josemari Satrustegi euskaltzain zenaren etxeko sukalde txokoan sortutako Fontes Linguae Vasconum aldizkariak piztu duen eztabaida. Aurkeztu zenean, eskuak hautsak harrotu eta jende aunitz nerbiostu zuen, izugarri. Hark euskararekin zerikusia izan zezakeela pentsatzen hutsak senetik atera zituen, eta berehala hasi ziren lardaskan, bazterrak nahasten, Aranzadiren izen ona zikintzen (kanpokoak dira, gipuzkoar malapartatuak…), dena asmazio hutsa izan da…

Gero, gogoz kontra bada ere, isildu ziren. Orain, aldiz, Nafarroaren euskalduntasuna ukatzea bertze helbururik ez dutenak braust iratzarri eta, aldizkarian errandakoak gibel-asmoz interpretaturik, etengabe ari dira zabaltzen aski eta sobra frogaturik dagoela eskua ez zela mintzatzen ez euskaraz, ezta euskarari loturiko ezein mintzamoldetan ere; hitz batez, ez duela zerikusirik txikiena ere euskararekin. Bertzelakoak ere hedatu dituzte: orain arte mitozaleak mintzatu dira; orain, aldiz, egiazko zientzialariak, benetako ikerlariak, eta arrazoia elezaharrari nagusitu zaio. Egiazki, ordea, erran behar da denetariko iritziak agertu direla aldizkarian, ikerlari bakoitzak bere teoriaren alde egin duela -baten batek lakar samar- eta dena irekia dagoela, gizartean bertzelako irudia zabaldu bada ere.

Bizkitartean, arkeologia aitzina doa eta arras aurkintza baliosak izan dira azken urteotan, Peio Monteano historialari atarrabiarrak bere “Vasconia en los siglos oscuros” liburu jakingarrian nabarmendu duenez. Baskoien historian interesa duen orok irakurri beharreko liburua. Arkeologiak, beraz, ez du etenik, eta nork daki ez ote digun berriz ere printza baliotsurik oparituko dela Irulegin bertan, dela Iruñerriko bertze kasko batean.