Askotan esan dudan lez Hezkuntzan sinesten dut. Benetan. Beti sinetsi izan dut etorkizunari begira hezkuntzak orohar duen indar potentzialean. Baita gaur ere. Nire bizitza laborala horretan ibili da igerian handik eta hemendik. Klariona dozenaka urtetan eskutan euskara eta euskal literatura nire ikasleei adeitsuki txertatu nahian gela desberdin eta oso anitzetan. Hezkuntza ez-formalean jarraitzen dut hainbat alor eta esparrutan. Jubilatu edo erretiratu ninduten ondoren (nire borondatearen aurka betiere) jarraitzen dut hezkuntzan nahiz eta urteak aurrera egin gupidagabeki. Esparru horietako bat, ez bakarra, Caritas da. Urte batzuk daramatzat egin behar apasionante horretan. Marokosen eta Aljerian jaiotako mutil gazteei oraingoan gaztelaniaren hastapenak erakutsi nahian. Dozena bat dira. Saiatuak, esker onekoak, tratu guztiz onekoak. Maite ditut. Nire ustez beraiek ere ni ere estimu handitan naute, uste dut, hain zuzen. Kalean topo egiten dugu. Besarkada elkarri ematen diogu. Gustatzen zaie, asko, kasu egitea eta emaztea, alabak edota bilobak aurkezten dizkiet. Aurpegi oso zaildua dute batzuen batzuk. Beraientzat “profesorjosemanuel” naiz (edo horrelako zerbait).
Aurreko egunean horietako hirurekin topo egin eta hizketan ari ginela kafetxo bat hartzera gonbidatu nituen “eskerrikaskoprofesorjosemanuel” (edo horrelako zerbait esanez agur elkarri esan) eta aurreko espaloian beraien herrietako lau mutil gazte elkar erasoka, biraoka, oihuka eta kolpeka. Jende ugari inguruan. Oso desatsegina. Ertzaintza iritsi, katxeoa, atxiloketak…. Niri hiru ikasleak beraiei begira, niri ostera, beraiei berriro, horietako batek niri urduritxo besotik heldu eta oso serio esan zidan “profesorjosemanuelnotodossomosiguales” (edo antzeko zerbait) eta gaineratu beste batek “esosmalajentenosotrosno”. Nire bi biloba zaharrenak Noa eta Natale 12 eta 10 urte niri begira arretaz. Besarkadak eta agur elkarri. Ezin orokortu, beraz. Debekatuta orokortzea. (Des)berdinak. Hemengoak bezala. Denetarik !!