Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Karmele Jaio

Borroka bera

Borroka beraGUILLAUME HORCAJUELO

Feminismoari esker ikasi genuen pertsonala politikoa dela. 70eko hamarkadan, Estatu Batuetako feministek erakutsi ziguten sexua, itxura fisikoa, abortua, zaintza-lanak edo etxeko lanen banaketa ez zirela garrantzi politikorik gabeko gai pertsonalak. “Arazo pertsonalak arazo politikoak dira. Une honetan ez dago irtenbide pertsonalik. Irtenbide kolektiboak ekintza kolektiboa eskatzen du “, idatzi zuen Carol Hanisch aktibistak. Garai berean, Kate Milletek, “Politika sexuala” liburuan, sexua politikaz blaitutako kategoria soziala dela frogatu nahi izan zuen, eta emakumeen ezinegon eta nahigabea kexa neurotikoa baino gehiago, sistematikoki zapaltzen zituen egitura sozial baten aurreko erantzuna zirela erakutsi zigun.

Gaur, Donald Trump AEBko presidentetzara bueltatu den garaian, ultra-eskuina mundu mailan gailentzen ari denean, eta sareetan berdintasunaren eta feminismoaren aurkako mezu misoginoak bolo-bolo zabaltzen ari diren une honetan, Giséle Pélicot agertu da eszenan eta duintasun eta ausardia lezio bat eman digu. Senarrak eta berarekin batera dozenaka gizonek bortxatutako emakume batek erabaki pertsonal baten bidez lurrikara sozial eta politikoa eragin du. Pélicotek kameren aurrean burua tente agertzeko keinua egitearekin batera, munduari gogorarazi dio lotsa beste batzuek sentitu behar dutela, ez berak, eta horrek, balio pertsonalaz gain, balio sinboliko handia du gizarte osoarentzat.

“Emakume eta gizonek, harmonian, errespetuz eta elkar ulertuz bizi ahal izango dugun etorkizuna kolektiboki eraikitzeko gaitasunean” konfiantza duela adierazi du bere senarraren aurkako sententzia ezagutu ostean. Eta aitortu gabeko biktimei, euren indarkeria istorioak ezkutuan mantentzen dituztenei, hala esan die: “Jakin ezazue borroka berean gaudela”. Haren hitzetan, ezinbestean antzematen da pertsona bakoitzaren egoera pertsonala beste guztioi ere badagokigula erakutsi ziguten emakumeen ahotsen oihartzuna. Ahots berri bat, borroka bera.