Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Hungariatik dator notizia

Hungariatik dator notiziaEP

Hungariako parlamentuak lege berria onartu du Harrotasunaren Eguneko kale-agerraldiak debekatzeko. Horrela. Aitzakiak aurreko lege batean du jatorria, haurrak bebesteko-edo ezarria, 18 urte baino gutxiagokoen aurrean “homosexualiatearen errepresentazioa edo sustapena” debekatzen duena. Legearen arabera, baimena ematen zaio estatuari balizko manifestazio horretara joan daitezkeen pertsonak aurpegi-ezagutzaren software baten bidez identifikatzeko, geroago isuna, 500 bat euro, jarri ahal izateko. Viktor Orbanen alderdikeek baiezko botoa eman zuten, jakina, baita demokrazia kristaukoek (eskuin ustez moderatu hori) ere. Aurten gertatu da aurrekoa, 2025ean (softaware horrek argi uzten diguna), eta Europako Batasunaren barruan, demokraziaren eta giza eskubideen gotorleku honetan, behin eta berriro errepikatzen diguten bezala. Badakigu Europako Batasunak ez duela ezertxo ere egingo, LGTBIQ+ jendearen aldeko adierazpen lauso bat edo beste kasurik onenan.

Jende askok pentsatuko du, beharbada, Hungariako hori ez dela hain garrantzizkoa, munduan arazo larriagoak daudela, eta Europako Batasunak hartzen dituen eta hartzen ez dituen neurri eta erabakietako asko izugarriagoak direla. Eta badira ere pentsatzen dutenak (heterohungariarrak izatea gustatuko litzaieke) gay, lesbiana eta trans horiek gehiegikeriatan dabiltzala, gabiltzala. Horiei opatzen diedan gauza bakarra da aurpegi-ezagutza moderno on eta umiliagarri bat noizbait pairatzea. Lehendabizikoei Martin Niemöllerren poema ezagunegia gogoratuko nieke, badakizue, “Naziak komunisten bila etorri zirenean, isilik geratu nintzen...”. Gaurkotzea errazegia da: “Hungariako gay, lesbiana eta transen bila etorri zirenean...” Egia da aldez aurretik Gazakoen bila etorri direla, eta migratzaileen bila, eta... Hau da, jende askoren bila etorri direla dagoeneko lasaiegi bizi ahal izateko, badirudi guztioi egokituko zaigula egunen batean “bila” hori, ez ikusiarena egiten dugun bitartean. Seguru al zaude zu?

Gero damuak etorriko dira: nola ez ginen konturatu eta abar.