Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Ostikada

En imágenes: El PNV celebra el Aberri Eguna en la Plaza Nueva de BilbaoMiguel Acera

30

Atzo, Aberri Eguna. Berria egunkariko iritzi atalean hainbat Fundaziotako buruek sinatutako artikuluan jasotzen ziren, besteak beste, gure nazioaren ezaugarri behinenak indartzen dituzten bi ideia. Bata, euskara, gure nazioaren ardatz eta bizkarrezur gisa. Gure komunitatearen hizkuntza eta herri egiten gaituen tasuna. Eta, bestea, aniztasunaren balioa. Euskal Herria plurala dela indartzen zen bertan. Aniztasuna dela gure balio nagusietako bat. Euskal herritarra dela bertan bizi, lan egin eta gure herriaren parte izan nahi duen oro. Amaitzeko, esanez, denok ditugula eskubide eta eginbeharrak, elkarrekin eraiki nahi dugun Euskal Herrian.

Ez dira berriak ideiok, ez hitzon esanahia indartu eta helarazi nahia ere. Euskaldun eta abertzale orok gustura entzuten dituenak dira. Eta gure eguneroko naziogintzarako bidean hauspotzen gaituztenak. Gero, ideia horiek erreal bilakatzea da zail egiten zaiguna. Euskara gure nazioaren ardatza izatea eta euskal herritar askok, bertan bizi eta lan egiten dutenek, eginbehar batzuk betetzea.

Atzo bertan, Aberri Egun betean, kostaldeko herri txiki eta oso euskaldun batean, taberna jendez mukuru. Pintxoz betetako barra bekatari. Bat aukeratzea zen zaila. Hautua egin eta eskatu nituen bi pintxo, bi ardorekin. Eta barraren bestaldeko neska gazteak (30 urtetik azpitikoak) adierazi zidan ezetz, euskaraz ez zuela ulertzen. Itzuli ez itzuli pentsatzen geratu nintzen bitartean, aldameneko bati frantsesez egin zion, ondo egin ere eta, geroxeago, beste bati ingelesez. Nire herritik kanpo sentitu nintzen. Atzerrian baino atzerritarrago. Ostikada bat eman izan balidate lez.

Beraz, gure herrian bizi eta lan egiten dutenei gure herriaren parte izan nahi duten galdetu behar zaie. Elkarrekin eraiki nahi ote duten gure Euskal Herria. Barneratzen ote duten lehenengo pertsona pluralean aritzea, edota hirugarrenean funtzionatuko duten. Zeren eta bestela, eskubidez hornitzen ditugu eta betebeharretatik askatzen.

Beraien betebeharrak bete ditzaten behar dugu benetan herri anitza eta herritar askeak izan gaitezen, eta ez berton bizi eta lan egiten dutenengandik zapalduak.