Euskaraldia amaitu egin da. Euskaraz tai gabe aritzeko epea bukatutzat eman dute antolatzaileek, baina askotan esaten den bezala, norberak jarraitu beharreko lana da hemendik aurrera euskara sustatzeko duguna.
Milaka pertsonak ahobizi txapa jarrita ibili gara kaleetatik, lehen hitza euskaraz haizatzen, belarriprest lagun horiek estutzen eta torturatzen (era lagunkoian) euskaraz egiteko, entzunarazteko, eta ahal izan duten moduan aritzeko.
Antolatzaileek emandako datuek diote 135.000 norbanakok, 7.500 entitatek eta 450 herrik hartu dutela parte Euskaraldian.
Ondo! Baina dioguna, Euskaraldiak duen benetako eragina jarraitutasunean datza. Hizkuntza ohiturak aldatzeko, egunerokotasunera eraman ahal izateko eta hemendik aurrera, euskara sarriagotan erabiltzeko, barruko indarrak erabili behar ditugu.
Beste aldetik, zoriondu behar dira norabide horretan pauso txikia baina sendoa eman dutenak; harro sentitu beharko dira egin duten aurrerabideaz eta hizkuntza aldaketaz.
Zorionak! Euskaraldiak utzi duen arrastoa datozen hilabetetan sendotu dadin borondatea puztu beharko da, baina lortuko den emaitza ederra izango da, zinez! Egun hauetan berriz entzun dugu euskara Europan ofizial izateko ahaleginak egiten ari dela Espainiako gobernua. Hori lortuz gero, euskarak abantaila handiak izango omen lituzke maila askotan.
Ez dut zalantzan jartzen gure hizkuntzak jasoko lituzkeen hobariak, ez baititut ezagutzen, baina estonagarria iruditzen zait hango estamentu hartan eskatzen dena, eta bitartean.
Hemen, Nafarroan adibidez, euskara bera eta euskaldunak bazterturik izatea, edo Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuak duen politika zapaltzailea erakustea. Antza, Bruselan eskubide gehiago dugu gure Euskal Herrian baino.
Gogoratu behar da, gaur egun ere, EAEko Auzitegi Nagusiak lan egiteko euskara eskakizuna neurriz kanpokotzat eta diskriminatzailetzat hartzen duela. Euskaldunon hizkuntza eskubidea bermatzeko bada, gora Europaldia!