Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Gaza eta flotilla

Gaza eta flotillaLorena Sopena | EFE

Israel deportatzen hasi den Global Sumud Flotillako kideen adierazpenak entzuten hasi gara gu. Terroristatzat hartu dituztenez (guztiok ikusi genuen nola ministro israeldar batek guztiei terrorista deitzen zien oihuka), tratu txarrak jasan dituzte (ondo merezita, ministro beraren ustez). Espainiako PPk, eta ez bakarrik PPk, beste irain batzuk erabili ditu: txorakerietan ibili direla (“haciendo el indio” zehazki) esan diete, bidaiatxo bat egin nahi zuen arlote talde bat baino ez direla eta abar. Beste batzuek ekimenaren zentzua zalantzan jarri dute, bazekitela ez zirela inoiz Gazan lehorreratuko, beren buruak nabarmendu baino ez zituztela nahi eta abar gehiago. Argi dago Israelek ez liekeela inoiz baimenik emango Gazaraino heltzeko, baina nazioartean lortu duten oihartzuna ez da mespretxatzekoa, nire ustez, eta Palestinarekiko elkartasun ekintzak ugaritu egin dira azken egunotan. Eta hori ez da gutxi, guztiok dakigu zein erraz ur daitekeen protesta baten tentsioa. Ez da garaia horrek edo hark hartu nahi dituen ekimenak kritikatzeko, niri edo zuri, besterik gabe, gehiegi gustatzen ez zaizkigulako.

Entzun dudan kritiketako bat, aldiz, kontuan hartzekoa iruditu zait: Flotillaz gehiegi hitz egiten dugunez, eta gure arreta Flotillako kontuetan dagoenez, oso gutxi hitz egiten dugu Gazako genozidioaz. Baliteke, bai. Ni neu Flotillaz ari naiz idazten. Nolanahi ere, Flotillaz idaztean, ez naiz, zeharka bada ere, Gazaz ere idazten ari? Agian ezezkoa da erantzuna, onartzen dut.

Badirudi oraintxe Xarm el-Xeikh-en, euskal turista askok ezagutzen duten lekuan, hasi diren bake-edo negoziazioek itxaropen moduko bati bidea zabaldu diotela. Horixe entzuten da edonon. Irakurri dudanez, Trumpen bake-planaren (Trump eta bake-plana esaldi berean elkarrekin jartzea amesgaiztoa iruditzen zait) lehen puntuan, bahitu eta presoak askatzeaz mintzatzen den horretan, bada nahikoa lan baikorregiak ez izateko. Bitartean, Israelek Gaza bonbardatzen segitzen du, nola ez. Ez dut uste negoziazioek inoren heriotza arinduko duten.