Egunkari batean honako hau irakurri berri dut: “Robot pediatriko batek Txagorritxun ospitaleratutako haurren arreta humanizatuko du”. Robot batek humanizatu? Zer du buruan esaldia idatzi duenak? Ezin dut ulertu nola humanizatuko duen zerbait robot batek, baina errua nirea izango da, ziur aski, zaharrunoa izateagatik. Osaraba izeneko aldizkari digitalera jo dut zerbait ulertzeko. Bertan den-dena azalduta-edo dago, nork bultzatu du ekimena (Bioarabak, Vital Fundazioak), nolakoa den robota (txikia), nola duen izen ofiziala (Unitree Robotics G1 EDU), proiektuaren izena (SAAKI) eta helburua dela “ospitaleratuko haurren esperientzia hobetzea teknologiaren eta enpatiaren bitartez” (gaur egun esperientzia eta enpatia hitzak beharrezkoak dira edozer gauza izendatzeko). Era berean, “laguntza emozionala” aipatzen da (nola ez), eta azaldu robota “modu naturalean” arituko dela pazienteekin (robot bat modu naturalean nola aritzen den ulertzeko saiakeran nire garunak eztanda egitetik gertu egon da). Pentsatzekoa da robotak gaztelania, euskara eta hamaika hizkuntza erabiliko dituela, eta galdera txatxua (zuk zer nahiago duzu, robot ona ala robot euskalduna?) zaharkituta geldituko dela betiko.
Irakurri dudanaren arabera, robota jostailu baten antzekoa izango da haurrentzat: ospitalean ematen duten denbora (ai, ospitaleetako denbora izugarri hori) arinduko da jolasen bitartez eta, beraz, antsietatea gutxitu. Egia esan, abantailak ikusten hasi naiz, haurren ezinegona eta sufrimendua leuntzen dituen edozer tramankulu ontzat emateko prest nago. Hala eta guztiz ere, oraindik pentsatzen dut humanizatu humanizatu pertsonek egiten dutela eta ez makinek, eta pediatrian aditutako mediku, erizain, psikologo eta abarrak beharrezkoagok direla (garestiagoak, agian?).
Ea helduen arretara iristen diren horrelako robotak. Ospitaleko itxaronaldi luzeak eramatea errazagoa izango litzateke Homero grezieraz eta euskaraz errezitatuko lidakeen robot batekin. Beharbada robotak izango dira Humanismoaren azken gotorlekua.