Gerra aitzineko egunkarietan ez bezala, gerra ondokoetan nabarmen ugaritzen hasi ziren Olentzerori buruzko aipamenak, 50eko hamarkadan berean. Gerra baino lehen, Kordobillako berripaperak eman zuen Lesakako Olentzeroren berri 36ko urtarrilean, huraxe zer den eta zer kopla kantatzen diren aletuta. Gerra ondoren ere egunkari berberak egin zion aipamena Lesakako Olentzerori 1950ean eta, hurrengo urtean, berriz, Jose Maria Iribarrenek artikulu mamitsua ondu zuen “Arriba España” egunkarian Olentzeroren eta Eguberriko euskal errituen inguruan, handik bortz urtera, Iruñeko “Pregón” aldizkarian berrargitaratua. Bada, gure hiriko San Antonio Gaztedi Elkarteari bururatu zitzaion Olentzero Iruñean ere egitea, 1956an, Aita Isidro Donostiak proposaturik.

“El Pensamiento Navarro” egunkariak honela iragarri zuen albistea (erdaraz), “Zer da Olentzero?” izenburupean. “Olentzero gure hiriko karriketan barna ibiliko delako albiste ona zabaldu da Iruñean…”. Lesakan nola egiten den aipatzeaz gain, Leitzan etxeko balkoietan paratzen dela jakinarazi zuen. Dena den, 56ko lehen Olentzero hura ez zen egiterik izan, gobernadore jaunak azken unean debekatu egin zuelako. Funtsean, San Fermin kaleko egoitzan egin behar izan zuten ospakizuna. Hurrengo urtean, karrikara ateratzeko baimena jaso bai, baina Olentzerorik gabe.

Hala ere, harritzeko moduko jendetza bildu zen euskal segizioa ikusteko. Alkateak ere zoriondu zituen, Urmeneta jaunak, alegia. Azkenean, 1959an erdietsi zuten Olentzero panpina ateratzeko baimena. Eta hortxe dirau, bai hemen, bai ezin konta ahala tokitan, Olentzero debekatu nahiko luketenen etsipenerako. Bakoitzak aukeratu dezala Olentzero mota hau edo hura. Baina ez da aukera Olentzerorik ez egitea; zeren, egiten ez bada, bertze batzuek hartuko baitute karrika; eta, ez preseski, euskal giroko jendeak.