Erramun Martikorenaren Laida pilotaria kantua ilargiaren pare den pilotariaz mintzo da (jatorrizko testuan, zilarraren pare): “Korpitza sano eta zohardia begia!” duenaz. Kantu horretan deskribatzen den pilotaria izan zitekeen Jean Fagoaga (2028-2026) Sarako semea, pilotari profesionala izandakoa, lau aldiz erreboteko Frantziako txapelduna. Euskal pilotaren mito bat. Pilotan irabazitako diruarekin medikuntza ikastera joan zen Bordelera eta han bilakatu zen abertzale. Ikas garaiko harremanak zer diren…! 35 urtez mediku izan zen Donibane Lohitzunen, Sarako alkate 15 urtez (1971-1997) eta Eusko Ikaskuntzako Iparraldeko lehendakari 8 urtez (1995-2002).
Larunbatean izan zen haren aldeko hileta-elizkizuna, Saran, bere jaioterrian. Eliza jendez mukuru. Hegoaldetik ez ginen hainbeste lagun joan hala ere, tokatu, tokatzen zitzaigun arren. 1969an, Jean Fagoagak, beste hiru lagunekin batera, etxe bat erosi zuen Donibane Lohitzunen, hegoaldetik ihesean muga pasatzen zuen jendeari arta eskaintzeko. Etxe hura, ondoren, Anai Arte elkarteari emango zioten, zeinaren lehendakaria Telesforo Monzon izan zen. Telesforok urteetara aitortuko zion Jean Fagoagari, hegoaldeko ehunka iheslariren alde egindako lan eskerga, gutun zirraragarri baten bidez.
Bilobetako batek jakitera eman zuen, ahozko ondare bizia utzi diela aitatxik: euskal balioak, kondairak eta esanak. Eta, nik, historian gelditzen diren esan horietako bi erreskatatu nahi nituzke: behin, pilotarien biltzarrak, Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketa antolatu eta “nazioarteko txapelketa” deitu nahi izan zioten. Jeanek, ordea, probintzia artekoa deitu behar zela defendatu zuen, txapelketaren maila jaitsiz (batzuen ustetan) baina euskal lurraldeen arteko batasuna agertuz, bere ustetan. Eta, bigarrena: Jean Eusko Ikaskuntzaren iparraldeko lehendakari izanagatik, Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzaren iparraldeko lehendakariordea zela esatea hobesten zuen, horrela, gure herriaren batasuna irudikatzen zuelako.
Ilargiaren parekoa izan zen, bada, frontoian eta bere egite eta usteetan.