Beti ikasten da zerbait. Sekulan entzun ez ditugun kontuak, irakurri ez ditugunak, liburuetan ageri ez direnak, bertze batzuek isilpean gordetakoak. Bada, egunotan ikasitakoa ez da preseski kontu ttipi bat, huskeria bat, garrantzirik gabeko gertakari bat. Zer-eta hainbat egunetako greba bat; zerk-eta elikagaien prezio igoerak eraginda; non-eta Gurutzadaren eta frankismoaren sustraia izaniko hirian, hots, Iruñea hits eta itogarri hartan; noiz-eta gerra hotsak itzali eta hamabi urtera doi; nork-eta emakumeek abiarazia.
Halaxe, bai. Kontua da maiatzeko egun batez izugarri garestitu zirela arrautzak Bigarren Zabalguneko merkatuan, eskasia nagusi zen garaian, krisiak eta errazionamenduak jotako garaian. Hori ikusirik, horrek bultzaturik, 60 emakumek aski erran zuten, arrautza-postuen inguruan elkartuta eta arrautza garestien salmentari boikot eginda. Gero, Gobernu Zibilera jo zuten manifestazioan. Gobernadoreak hartu zituen, baina ez zuen deus konpondu.
Handik aitzina, lau egunez mobilizazio handi-handiak gertatu ziren lantegi, tailer, saltoki, taberna, jatetxe eta zinetokietan, bai hiri guztian, bai Iruñerriko toki aunitzetan ere. Greba hura, ustekabean eta ezein erakunderik tartean ibili gabe hasitakoa, merkatu batean abiatu eta komisarian eta epaitegietan amaitu zen. Ehunka lagun atxilotu zituzten; haien artean, hiri hau bat-batean antzaldatu zuten emakume haietariko asko. Poliziaren tiroek zauritutakoak ere izan ziren; haien artean, Pilar Muruzabal Zuasti 17 urteko neska gaztea.
Grebak ia-ia ez zuen aipamenik jaso estatuko egunkarietan, Iruñekoetan aipamen laburren bat: “kanpotarren azpikeria ba; kanpoan ditu inspirazioak”. Mundu zabaleko prentsa, ordea, luze eta zabal mintzatu zen Iruñeko grebaz. Hori guztia ikasi eta ikusi dugu egunotan Zabalguneko merkatuan ikusgai dagoen erakusketa jakingarrian.