Emakumeak emakumeekin. Erran nahi baita, emakumeak emakumeekin baizik ez. Fenomenoa nagusitasunetik urrun dago gure gizartean, baina bixkortzen ari omen da han eta hemen, modu adierazgarrian. Martxoaren 8ko manifestazioetan ez ezik, gero eta alor gehiagotan. Lan munduan nekezago ikusten da, egitura ekonomikoek agintzen dute bertan. Maizago, aldiz, kultur proiektuetan eta aisia taldeetan. Kirolean ere bai. Zer esanik ez, adiskidantza sareetan edo harreman afektiboetan.
Nahita, hala erabakita, gero eta andre gehiagok uko egiten dio gizonarekin espazioak partekatzeari. Seguruagoa, baloratuagoa, maitatuagoa, errespetatuagoa sentitu nahirik, emaztekiak emaztekiaren beroa bilatzen du, eta soilik emaztekiarena. Gizonezkoarengandik zenbat eta aparteago, hobe.
Emakume mordo batek etsi du guri dagokigunez. Nazkatu da gutaz. Gure protagonismo betierekoaz. Gure sen zanpatzaileaz. Gure nagusitasun usteaz. Gure geurekoikeria neurtezinaz. Gure nartzisismo mugagabeaz. Gure alferkeria gaitzaz. Gure bortizkeria alimaleaz. Gure isuri primarioaz. Gure heldutasun eta eskuzabaltasun faltaz. Eta ondorioztatu du, tipo hauekin ezin. Ezin lanean eta ezin festan. Ezin etxean eta ezin kanpoan. Ezin amodioan eta ezin laguntasunean. Ezin txarrean eta ezin onean.
Aski erran dute. Ez daude jada esperoan gu noiz aldatuko. Ederki asperturik, gutaz bertze egitea erabaki dute. Damurik, zaila da haien arrazoiei kontra egitea. Azken 500 mendeetako historiak zuzenesten du haien jarrera. Bizkitartean, horra mutil eta gizon saldoak, amorrazioa ezin atxikiz, sarean feminismoaz gaizki erranka. Gizajoak ez dira deusetaz enteratu. Batzuk oso bakarrik biziko dira.