Síguenos en redes sociales:

Sarasate

SarasateCEDIDA

Pasealekua. Urtea hasiz geroztik, dena da burrunba, zulo eta hesi. Eta halaxe iraunen du, harik eta udal eskuindarrak 2011n eragindako txandrioa moldatzen den arte. Urte hartan, izan ere, pasealekua hesitua gelditu zen eta, gainera, lorategietako plataforma goratuek zuhaitzetako sustraiak kaltetu zituzten. Argi zegoen zerbait egin behar zela, baina gaur egungo zuhaitzak errespetatuta, eta egungo lanek horixe ahalbidetuko dute.

Ederki oroitzen baikara nola gelditu zen pasealekua itzalik gabe 1988an, egunetik arrats basamortu bilakaturik, gaitzak jotako zugarrak moztu behar izan zirenean. Obra orok sortzen du eztabaidarik, baina Sarasateko batzuk guztiz hutsalak izan dira; balio estetikorik gabeko estatuen ingurukoa, konparaziora. Orain ederki nabarmentzen baitira Takonerako pasealeku nagusiko lorategietan.

Sarasate pasealekuaz mintzatzean, pilota joko publikoa, Sanferminetako etxolak, Irati tranbia eta bertze aipatu behar dira, guztiak ere denboraren zurrunbiloan gelditutakoak. Horiek guztiak ederki aletu eta aletuko ditu Victor Manuel Egia Astibiak artikulu mamitsu eta jakingarrien bidez, egunkari honetan berean.

Bertzalde, duda gutxi da pasealekuaren egungo izenaz. Eta zalantza handirik ez Iruindarrek XX. mendean pasealekuari errateko erabilitako “Valentzia” izenaz, Arazurik adierazi zuenetik Prudencio Valentzia eskribauari zor zitzaiola. Baina bertzelakoak ere idatzi dira. Pablo Artxanko abertzale erbesteratu iruindarraren iritziz, adibidez, pasealekuan zegoen Balenciaga zeritzon dendatik hartu zen izen hori (erbesteko Gernika aldizkaria, 1951).

Nolanahi ere, urteen joan-etorriek –oraindik– eraman ez duten gauzen artean, foruen oroitarriko euskal idazkia dago: “Gu gaurko euskaldunok…”. Gaur egun, guztiz ezinezkoa izanen litzateke gisakorik idaztea foruen omenezko monumenturik garrantzitsuenean.