Gaurkoa bezalako ekitaldiak erro sakonak ditu Nafarroan. Gerra baino lehen hasi ziren, 20ko hamarkadan, Iruñeko Euskararen Adiskideak elkartearen ekimenez. Gerra ondoren izan zuten jarraipena, 1957tik aitzina hainbat urtez, Diputazio barnean sortutako Euskararen aldeko Sailaren eskutik, Euskaltzaindiarekin batera. Haur euskaldunak saritzeko ekitaldiak izan ziren, umeen bitartez euskara sustatzeko asmoz.
Herri euskaldunetara joan ziren, garai haietan haurrak etxean euskalduntzen baitziren; atzendu gabe, 1931tik 36ra kenduta, ez zela euskal eskolarik izan Nafarroan. Gerra ondoko ekimenean, zazpi mila haur saritu zituzten, bakoitzari diploma bat banatuta. Duela bi urte, Euskaltzaindiak eta Iruñeko IKF Fundazioak antolaturik, ekitaldiari berrekin zitzaion Meñeruibarren, bertako haur gehien-gehienak sarituta. Eta gaur, berriz, non eta Caparroson. 40 haur inguru, guztira.
Gehienak, herri horretakoak, baina baita Arrada, Zarrakaztelu, Santakara eta Martzillakoak ere, duela hamar urtetik hona, eskolaren bidez euskaldunduak. D eredua 2016an iritsi baitzen herrira, gurasoek gogotik lan egin izanaren ondorioz. Sekulakoak eta bi leporatu zizkieten herrian berean. Zorionez, hamar urteko ibilbide emankor honetan, errotik aldatu da giroa herrian.
Gaur, gainera, sariak banatzean, dagoen tokian dagoela, ederki poztuko da Caparrosoko seme bat, euskaltzain urgazle izana, hots, Celestino Peralta Lapuerta Arrigarai (1879-1929), duela ehun urte euskara ikasten ari zirenen artean arrakasta handia izaniko Euskal irakaspidearen egilea. Herriko Espainia plazan eginen da ekitaldia, Aragoi ibaitik hurbil. Hain zuzen ere, inguruko herrietako agiri zaharrei esker, badakigu nola erraten zitzaien euskaraz ibai horrek inguru hartako paisaian eragindako amildegiei, erdaraz “cortados” erraten dieten parajeei: erripa gaitz.