Ziritik

Laudorio-uholdea

09.02.2020 | 08:12

juan Luis Zabala idazle azkoitiarrarena da ondorengo esaldia: "Askotan esaten da hobe dela laudorioak hil aurretik jasotzea, batez ere laudatuarentzat. Baina laudorioak zama handi bat izan daitezke, laudatua jasotako laudorioen neurrian bizitzera behartzen dutenez gero, zeharka bederen, agindu zehatzik eman gabe bada ere. Hil ondoren, aldiz, laudorioak ez du laudatua ezertara behartzen, eta hori abantaila bat da, erosotasuna eta lasaitasuna."

Perez Rubalcabak arindu ditu zamak. Ez du neurririk gabeko goraipamenen bizkar-zorrorik eraman beharrik izango. Egia esan, ez zirudien gaitzespenek asko erasaten ziotenik ere. Adimen, eskarmentu eta kudeaketa-gaitasun handiko politikaria izan da. Paparrean erakutsi izan du ETAren amaieraren domina. Berak kontrolatzen bide zituen terrorismoaren aurkako politikaren hari-mutur guztiak. Bere agindupeko ekintzetan bada gorriz markatu beharreko zerrenda bat ere, politikaren mugak gainditutako ekintzena. Eta politikaren esparruan ere baditu berak ustez ordezkatzen zuen eremu ideologikoa lotsagorritzeko moduko erabaki eta aginduak. Nafarroan birritan ere ezereztu zituen UPNren kudeaketak usteldutako dinamikak aldatzeko aukerak. 2007an, NaBai eta IUrekin koalizio gobernua ixteko zorian egon zen PSN. PSOEk eragotzi zuen. Eta 2014an, Yolanda Barcinaren gobernua CAN auziagatik estu eta larri zebilela, PSNk zen-tsura mozioa aurkezteko abagunea izan zuen, erabakia hartua ere bai. Aukera hura ere PSOEk deuseztatu zuen. Roberto Jimenezek berak, PSNren idazkari nagusi zenak, aitortu zuen mugimendu hura nork eragotzi zuen: Perez Rubalcabak. Orain ikusiko da buruzagi hil berriaren katerik gabe zer nolako hautua egiten duten.

Ez naiz hil ostea nahasi zale, baina hauek ere esan beharrekoak iruditu zaizkit laudorio-uholde itzel honen erdian. Fernando Tapia irakasleak Facebooken jarria: "Ia-ia hiltzeko gogoa ematen du, bizirik gauden bitartean larrutu gaituztenek goraipa gai-tzaten".