Zirrikituetatik begira

Iruten ari nozu . . .

10.02.2020 | 01:21
Columnista Josu Torre

jADANIK, atzo goizetik, badira irun edo ardazkatzen 2020ko Aste Nagusian berriz erregina izango den Marijaiaren zetazko gona. Ardazkatu lehenik, gero ehundu eta zehatz bilbatu, neurri neurrian ebaki ("zazpi aldiz neurtu, behin ebakita ez du erremediorik" esaten zion amak gure arreba joskileari) gero txukun albainduz moldatu, soinean probatuz gero ehunaren besteko hari eta puntada finaz josi. Alkandora edo brusarekin beste hainbeste. Datorren urtean ere guapa, sotil, ederra, ikusgarria egon behar du eta gure Marijaia. Aurtengo moduan edota azken 41 urteetan bezala. Ondo daki hark igaro den astean milioi eta terdi gizasemeren ikusmiran egon dela eta, ondo bidean, gutxienik beste hainbeste izango dituela datorren urtean. Hainbat urte dela, 'Zetazko gona' izenburuz zutabe osoa egin nuen, AN moderno hau sortu zen 1978. urte berean atxilotu eta handik 20 urtera atera zen preso bati eskainia. Hurbildu eta ikutu zezala esaten nion, zeta finaren gozoak kartzelako hainbat eta hainbat amets gaiztoren gainetik Euskal Herriko hiriburu nagusiko urteko jaiak, Aste Nagusia, musikaz, ikuskizunez eta jendez blai izatez harago, irudimenaren, esku hartzearen jai askearen eredutzat dagoelako, duela 700 urtetik gora, Nerbioi itsasadarraren ertzetan sortu eta gaur denaraino hazi den hiria.

Astelehen osoa izan duzue balantzea egiteko edo, hobe esanez, egin dituzten azterketak entzun edo irakurtzeko. Asti gutxitxo aukeran parranda asko egin ondoren soina eta garunak berrindartzeko baina bost bat egun ditugu oraindik, gehienok lanera bueltatzen geran irailerako. Bost egun, igaro berri den ANren bizipenak edota ondorioak solasteko. Halako kontzertuak, gauero ehun mila gizaseme mugitzen dituzten suak eta munduko beste inon eskaintzen diran 400dik gora ekitaldi edo ikuskizun erabat dohanik. Hauek denak antolatzea da arestian paradoxa bezala, eta Marijaiaren gona dotoretik harago, esan nahi nuena: irun, ardazkatu, ehundu eta gorpuztu behar dituztela ekitaldi horiek. Lurdes Iriondo etorri zait gogora "Iruten ari nozu, gorua gerrian . . ."

noticias de noticiasdenavarra